(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke. Esther Ferrer eta denbora liburu ilustratua ondu dute Aintzane Usandizaga idazle lasarteoriatarrak eta Aran Santamaria egileak. Parisen bizi den artista donostiarra da Ferrer, eta haren lana bistaratzeko asmoz osatu dute liburua. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansaren eskutik jaso zuen Usandizagak liburua egiteko proposamena, eta "zalantzarik gabe" onartu. Arte historialariak dira Barcenilla eta Ansa, Bagara sailaren zuzendariak eta Donostiako San Telmo museoan ikusgai dagoen Baginen Bagara Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketaren arduradunak ere bai. Lehengo eta oraingo emakume sortzaileak batu, eta emakume artisten lana ezagutarazteko asmoz prestatu dute bilduma, eta besteak beste, Ferrerren hiru lan daude ikusgai bertan.
Emakume artisten lanak erakusketa bidez bistaratzeaz gain, euskarri "egonkorrago" batean bildu nahi zituzten, hortik abiatuta jaso zuen Usandizagak bildumako lehen zenbakia egiteko eskaintza.
Enkargua eskuartean, Esther Ferrer-en gaineko informazioa biltzen hasi zen heritarra: "Oso gustuko dudan artista bat da, baina erronka handi bat izan da, asko irakurri eta ikasi behar izan dut beraz".
Artista donostiarraren munduan murgilduta jabetu zen denborari "behin eta berriro" egiten diola erreferentzia eta testuak idazteko "hari mutur horri" eustea erabaki zuen Usandizagak: "Ferrerrek esaten du denok hitz egiten dugula denboraz, baina inork ez dakiela zer den. Niri ere eman dit hausnartzeko bide 'zer da denbora?' galderak. Oso galdera filosofiko-zientifiko-esistentziala da".
Helduek ez ezik, haurrek ere nekez defini dezakete denbora. Idazleak azaldu du txikiek ere denboraz hitz egiten dutenean asteko egunei, hilabeteei eta baita orduei ere erreferentzia egiten dietela, baina denbora neurtzeko unitate horiek gabe nekez uler dezaketela haiek ere zer den.
Hortik abiatuta, heldu eta haurrek denboraz hausnartu eta jolasteko proposamen bat argitaratu du, Santamariarekin batera. Horretarako, denbora harrapatu nahian ari den fikziozko Esther Ferrer bat irudikatu du: "Bere helburua da denbora bere nahira moztu eta itsastea, Ferrerrek bere lanetan egiten duen moduan". Ez dakigu, ordea, xede hori lortzen duen edo ez, irakurleek deskubritu beharko dute.
San Telmon aurkezpena
Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute liburua egileek, museoko zuzendari Susana Sotok eta Pamielako –argitaletxe horrekin kaleratu dute
liburua – ordezkari Carmen Elvirak lagunduta. Ferrerrek ezin izan zuen bertan egon, Parisen zegoelako, baina senideak bertaratu zirela kontatu du Usandizagak eta haiekin elkartu izana "oso polita" izan zela oroitu du. Dena den, Ferrerrek ere badu eskuartean bere lana erakusten duen kolore gorriko liburua: "Egitasmoaren berri eman genion, eta maketa ere jaso zuen. Esan digu, esperimentu antzeko bat egingo duela bere bilobekin; haiengandik istorioa nola jasotzen duen esperimentatuko du. Feedback ona jaso dugu".
Bildumaren lehen zenbakia argitaratu dute, eta horren atzetik etorriko dira gainerakoak ere. Usandizagak aurreratu duenez, Mari Paz Jimenezi buruzkoa izango da datorrena.
