Sara Etxeberria Zapirain lasarteoriatarrak Bideak erakusketa zabaldu du Agora tabernan (Kale Nagusia, 8). Asteazken arratsaldean inauguratu du, eta gutxienez hiru hilabetez egongo dira bere koadroak ikusgai. Arte ederretako ikaslea da herritarra, eta Basoko Maxuxta izen artistikoarenpean sortzen ditu lanak denbora librean. Agoran ikusi daitezken obrak, artistaren intereseko galdera batzuen errepresentazio direla azaldu du egileak, emozioetan oinarrituz, gertutasunetik sortuak: "lantze prozesu eta garapen aldi baten osteko emaitza da".
Teknika ezberdinak erabiliz sortutako artelanak ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Alde batetik, teknika mistoaz burututako hiru margolan erakutsi ditu; mihisea, olio papera eta marrazketarako papera erabili ditu horiek lantzeko. Bestetik, arkatzez eginiko A3 tamainako ilustrazioak ere jarri ditu ikusgai.
Kontrastean eta kontraesanean dauden elementuak "garrantzitsuak" dira egilearentzat, bizitzaren eta erabakien bi aldeei erreferentzia egiten diotela azaldu du. Kolorea da nagusi erakusketan, hori baita artistaren adierazteko oinarrizko baliabidea.