Jon Eskisabel: "Musikari guztiak berdin tratatzen ditugu Badok atarian"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko ots. 11a, 12:00

Argia saria jaso izana "eguneroko inurri lanaren aitortza" dela nabarmendu du Eskisabelek. Argazkiak: Ainara Gorostizu.

2022ko Interneteko Argia saria jaso du Badok.eus atariak, euskal musikaren erakusleiho digitalak. Jon Eskisabel (Lasarte-Oria, 1969) arduratzen da hori koordinatzeaz, egunero-egunero, 2009tik, proiektua sortu zutenetik. 

Inurriek etenik gabe egiten dute lan, isilik eta oharkabean, baina badago haien jardunari erreparatzen dionik: Argia aldizkariak Badok.eus atariaren lana saritu du, "euskal musikarentzat eta zaleentzat ezinbesteko itsasargi izateagatik".

Otsail hasieran jaso duzue Interneteko Argia saria. Nola hartu duzue? 
Pozez eta ilusio handiz hartu dugu, inoiz ez duzu halakorik espero, ez duzu horretan pentsatzen. 2009an sortu genuen Badok, eta ordutik hona egunero-egunero egin dugun inurri lanaren aitortza da Argia saria.

Esan duzu 2009an sortu zenutela ataria. Zer helbururekin? 

Euskaldunon Egunkaria-k euskal literaturari buruzko atari bat sortu zuen urte batzuk lehenago, eta hortik atera genuen ideia: euskal musikaren entziklopedia digital moduko bat egitea genuen helburu. Berria egunkariaren barruan sortu genuen proiektua, 1960ko hamarkadatik hasita euskal musikak utzi duen ondarea jaso, bildu, antolatu eta herritarrei haiek erabiltzeko moduan emateko, zerbitzu publikoaren bokaziotik.

Badok sortu zenutenetik pasa dira ia hamahiru urte. Denbora tarte horretan asko aldatu da ataria? 

Sortu eta bost urtera, 2014an, jauzi handia egin genuen. Beti esaten dut gauza bera: atari analogiko izatetik digital izatera igaro ginen. Plataforma digitalak [YouTube, Spotify...] ugaritzen hasiak ziren, eta entzuleek gero eta musika gehiago kontsumitzen zuten bertan. Ikusi genuen gure datu baseari falta zitzaiola musika entzuteko aukera: bururatu zitzaigun lehen gauza izan zen euskal taldeen diskoak atarian entzungai jartzea; ondoren, azken disko, abesti eta bideoklipak; horrekin batera, kantu zerrendak sortzeko aukera eman genuen, artikulu eta elkarrizketak idazten hasi... Adar berri ugari sortu genituen, gaur egun dimentsioa izatera iritsi arte.

Horren harira, berrikuntza batzuk egin genituen iazko udazkenean: kontzertuen agenda, orain arte landu ez duguna; bilatzaile automatikoa eguneratu dugu eta irakurleari aukera gehiago eman kontsulta zehatzagoak egiteko; eta azken abesti eta bideoklipez gain, disko berrienak entzun ditzakete irakurleek, webgunearen azalean.

"2014an jauzi handia egin genuen: atari analogiko izatetik digital izatera igaro ginen"

Euskal musikaren datu base izaten jarraitzen duzue hala ere, ezta? Esentzia ez duzue galdu. 

Webgunean nabigatzen dutenek musika entzutea nahi dugu, bideoklipak ikustea, artikuluak irakurtzea... Eta bai, mantentzen dugu hasierako funtsa: datu basea elikatu, datuak eguneratu... Ahalik eta informazio gehienarekin katalogatzen ditugu taldeen lanak, eta iruditzen zait horrek balio gehigarria ematen diola Badoki. Spotifyrekin alderatzen baduzu, adibidez, musika entzun dezakezu, baina informazio gehiagorik gabe, kontestutik kanpo: Nork jotzen du talde horretan? Non grabatu dute albuma? Nongoak dira? Hori guztia jasotzen dugu guk, ahal dugun guztietan behintzat.

Pluralean hitz egiten ari zara. Nortzuk zarete "gu" horren parte?

Ataria nik koordinatzen dut, eta eguneroko lana egin: lan, kantu eta bideoklip berriak bilatu, ataria elikatu, edukiak sare sozialetara igo... Horrez gain, kolaboratzaile batzuk ditugu, hamar, eta tarteka artikulu eta elkarrizketak egiten dituzte, diskoen kritikak, eta abar. Bestalde, arlo teknikoa Berria-ko langile batek kudeatzen du, enpresa batekin elkarlanean.

2009tik hasita, inurri lana egiten ari zara egunero. Artxiboa diskoz, abestiz eta musika taldez josita izango du Badokek, ezta?

Ea, utzidazu kontsulta egiten... [Ordenagailuan datu horiek begiratzeko segundo gutxi batzuk behar izan ditu Jonek]. Diskoak 3.900 inguru dira, 34.700 abesti eta 1.221 musikari [elkarrizketa otsailaren 8an eginda dago]. Aipatu behar dut, hala ere, disko horiek guztiak ezin ditzaketela entzun irakurleek, plataforma digitalekin lan egiten dugulako eta zenbait album ez daudelako horietan entzungai.

Musikariek jotzen dute atarira, ala atariak musikariengana?

Biak. Batetik, musikariek haien lanaren berri emateko erabiltzen dituzten bideei adi egoten gara eta aurreikuspenak egiten ditugu. Zenbaitetan, proposatzen diegu kantu edo bideoklip baten aurrerapena egiteko atarian, beste inon baino lehenago. Bestetik, talde ugarik gugana jo eta galdetzen digute ea zer egin behar duten Badoken ezagutarazteko haien lana, hasiberriak direnek-eta. 

Normalean, eskaera guztiei erantzuten diegu, eta esango nuke hamarretik bederatzitan egiten diogula profila musikariari. Zenbaitetan, ohartzen gara euskara ez den beste hizkuntza batean abesten dutela: baldintza bakarra da nagusiki euskaraz aritzea. Guk berdin tratatzen ditugu talde guztiak, denek dute tokia, eta horrek erreferentzialtasuna eta sinesgarritasuna eman dio atariari. 

Erreferente bihurtu zarete, beraz.

Erreferenteetako bat garela esango nuke, inola ere bakarra, saio eta komunikabide gehiago daudelako. Poztekoa da euskal eszena jarraitzen dutenek, tarteka behintzat, gugana jotzea, kontuan izanda zeinen zabala den Interneteko eskaintza; ez da batere erraza jendea erakartzea.

"Poztekoa da euskal eszena jarraitzen dutenek, tarteka behintzat, gugana jotzea"

Pandemiak izan du eraginik Badoken eguneroko inurri lanean?

Ez pentsa horrenbeste nabaritu dugunik, nahiz eta egia den 2020ean eta 2021ean pandemia aurreko urteetan baino lan gutxiago argitaratu dituztela euskal musikariek. Iruditzen zait koronabirusaren aurretik indar betean eta oso aktibo zeuden talde askok nabaritu dutela hori, egitasmo berriak eta kontzertu ugari lotuta zituzten ugariren berri ez baitugu izan berriro, orain arte behintzat. Ez dakigu desegin ote diren, stand by egoeran ote dauden, beste lan batzuk prestatzen... Esan bezala, Badokek ez du artista askoren berri izan azkenaldian. 

Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, musika emanaldien agenda suspertzen ari da berriro orain, eta hori nabaritu dugu. 2020an, konfinamenduaren osteko hilabeteetan, kontzertuei ekin zieten taldeek berriro, baina pastela gutxi batzuen artean banatu zutela iruditzen zait, beti izen berberak baitzeuden karteleretan.

2009tik hona asko aldatu da euskal musika eszena?

Bai, izugarri. Belaunaldi gazteen erreferentzia musikalak eta duela urte batzuetakoak oso diferenteak dira. Estiloei erreparatuta, eraberritzen ari dira, estetika berri ugari sartu dira, eta genero asko, denon ahotan daudenak: elektronika, trapa, rapak ere indar handia hartu du, pop elektronikoa ere aipatuko nuke... Talde gitarreroek jarraitzen dute, rocka, heavya, punka lantzen segitzen dute, baina ez dira musikari guztiak estilo horietakoak, soinu berri gero eta gehiago entzuten ditugu, eta uste dut hori oso interesgarria dela.