GUTUNA

Bonuen kanpainaren harira

Inma San Sebastian, Goxogiko dendaria 2022ko ots. 11a, 09:00

Goxogiko dendari Inma San Sebastianek gutuna bidali du TXINTXARRI-ren erredakziora, Lasarte-Oriako Udalaren bonuen kanpainarekin izan duen esperientzia herritarrekin partekatzeko.

Lasarte-Oriako Udalak abenduan eta urtarrilean egin duen kontsumo bonuen kanpainarekin gertatu zaidana kontatu nahi dut idatzi honen bidez. Jarraitu aurretik, argi utzi nahi dut nire eta Goxogiren izenean ari naizela hau kontatzen, inork ez nauela aukeratu inoren ordezkari bezala hitz egiteko.

Iazko urrian eskutitz bat bidali ziguten egitasmoaren berri emanez, eta azaroan sinatu genituen parte hartzeko dokumentuak. Baldintza asko zeuden zerrendan, eta zenbaitetan, oso garbi adierazi zuen udalak, horiek bete ezean, ez zigula ordainduko. Aurrerago azalduko dudan bezala, haiek izan dira esandakoa bete ez dutenak. 

Kanpaina herritarrentzako zen, dirulaguntza bat, bonuak erosi eta gure negozioetan erabiltzeko: komertziook izan gara bidea, bizilagunek bonuei probetxua ateratzeko. Nola? Nire negozioan, adibidez, horrela: bezero batek 31 euroko tarta bat erosten bazuen, 10na euroko hiru bonu ematen zizkidan, eta euro bateko txanpon bat. Hori izan zen nik jasotzen nuen dirua bezero horrengandik. Gainerakoa, udalaren eskuetan geratu da; parte hartu dugun komertzioei dirua zor digute oraindik. Ideia bat egin dezazuen: abenduan saldu ditudan pastelen eta jostailuen %80 bonuen bidez erosi dituzte bezeroek, eta urtarrilean, %60. Gutun hau irakurtzen duzuenerako, konprobatu dut zor digutenaren zati bat (Goxogiren kasuan, %62a) ingresatu digutela, baina berdin zait niri hori, gertatu dena kontatu nahi baitiet lasarteoriatarrei, hau ez delako herria egitea. Udal batek, eta teorian merkatariei laguntzeko lan egiten duen Sozioekonomia batzorde batek ezin digu hau egin dendarioi. Barkaezina da. 

Bonuen kanpaina hau potoloa izan da, nahiz eta ez den izan hasieran pentsatu bezalakoa: 400.000 eurokoa izan behar zuen, 200.000 euro udalak jarrita eta beste erdia herritarrek, baina azken horiek zailtasunak izan dituzte txartelak eskuratzeko, eta azkenean 200.000 euro horietara ez dira iritsi. Goxogira etorri diren bezero ugarik aipatu didate Internet bidez bonuak erostea zaila edo ezinezkoa izan zaiela. Aurrez esan dudan bezala, guri baldintza asko eskatu bai, baina haiek ez dute bete hitzez esandakoa. Esan ziguten aukera izango genuela hamabost egunean behin txartel horiek eramateko eta zegokigun dirua kobratzeko, baina ez dute egin. "Lasai egon", esan izan digute hitzez, baina igaro dira egun eta hilabeteak, eta ez digute dirurik ingresatu, eta Goxogik, beste edozein negoziok bezala, hilabete bakoitza bukatzean gastu askori egin behar izaten die aurre: Gizarte Segurantza, nominen atxikipenak, eta beste asko. Nik, adibidez, ez dut soldatarik kobratu azken bi hilabeteetan, negozioaren gastuak ordaindu ahal izateko. Hori gutxi balitz, denbora horretan lapurrak sartu zaizkigu dendara, eta udaltzain bat bera ere ez da etorri ez ezer egitera, ez nola nagoen galdetzera.

Hori guztia esanda, adierazi nahi dut apuntatuko naizela hurrengo kanpainara, benetan uste baitut udala gai izango dela gauzak hobeto egiteko. Gainera, bezeroentzat lagungarria izan da, eta ederki baliatu dute aukera. Amaitu aurretik, eskerrak eman nahi dizkiot David Martinez Lasari, udalak bonuen egitasmoa kudeatzeko kontratatu zuen langileari: zu izan zara merkatariok gehien lagundu gaituena.