2. Senior taldeak garaipenarekin hasi du ligako bigarren itzulia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 9a

Ostadar 2. Senior Mailako jokalaria jaurtiketa prestatzen.

Ostadar Saskibaloia saileko 2. Senior taldeak Ligako bigarren itzuliari hasiera eman dio. Azken jardunaldietako aurkako emaitzak alde batera utzi eta garaipena erdietsi zuen Gaizka Urreiztik zuzentzen duten taldeak Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako neurketan. Aurrean Oiartzun Saskilagunak talde izan zuen

Partida bizia izan zen. Lehen minututik presio handia egin zuen etxeko taldeak baloia lapurtu eta aurkariak nekatzeko. Erasoan, berriz, ugariak izan ziren sortutako saskiratze aukerak. Ondorioz, 11-5eko markagailuarekin amaitu zen lehen laurdena.

Bigarren laurdenean, Oiartzungo entrenatzaileak 3-2ko zona-defentsa ezarri zuen.Ostadarren erasoan eragina izango zuela zirudien arren, lehen laurdeneko eraginkortasuna mantendu zuten talde urdin-beltzeko jokalariek saskiratzeetan eta 22-17 iritsi ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean, ordea, aurkariaren zona-defentsa arazoa bihurtu zen etxeko taldearentzat. Erasoan ezin asmatzearen frustrazioarengatik defentsan akatsak egiten hasi zen Ostadar eta Oiartzungo taldeak aukera baliatu zuen partida berdintzeko (31-31).

Neurketako azken minutuak erabakigarriak izan ziren. Bi taldeek markagailuan berdinketa mantentzeko saskiratzek egin zituzten. Eraso eta saskiratze bakoitzak balio handia zuen eta orduan, erakutsi zuten bere balioa etxeko taldeko kideek. Saskiratze eta falta pertsonaleko jaurtiketei esker, 46-42 irabazi zuten partida.

Gaizka Urreizti entrenatzaileak aipatu duenez: "Garaipen garrantzitsua da. Taldea hobetu eta lehiatzen jarraitzeko motibatzen gaitu. Jokalariek momentu batzuetan aurrera pausoa eman eta erantzukizunak hartu behar dituztela ikasi behar dute. Alabaina, denek daukagu zer ikasi eta akatsek horretarako balio dute".

Hilaren 12an, ikasten jarraitzeko aukera berria izango du 2. Senior taldeak. Sailkapeneko bigarren postuan den Bergara Soraluzeren aurka neurtuko ditu indarrak eta partida gogorra aurreikusten du Ostadarrek.