Haritza Diaz de Gereñu eta Peru Urdanpilletak osatutako jubenil mailako bikoteak aurpegia eta gurutzea bizi izan zituen.
Udaberriko txapelketan 22- 12 Aretxabaleta 1 gainditu zuen Lasarte-Oriako bikoteak Michelin kirol guneko pilotalekuan jokatutako norgehiagokan.
Intzako kideek partida gogorra aurreikusten bazuten ere – euren antzera, ordura arte aurkariak ez zuen partidarik galdu –, etxeko bikotearen lanak partida erraz irabaztea ekarri zuen.
Intzako prestatzaile Jose Felix Solanok azaldutakoaren arabera, etxeko bikoteak partida ona egin zuen: "Diaz de Gereñuk ongi ibili zen lehen koadroetan eta tanto politak egin zituen txokoan eta zabaleran, baita boleaz ere. Urdanpilleta ere sendo egon zen atzean, aurkaria ongi menperatu zuen eta akats gutxi egin zituen".
Aipatu legez, Intzako kideek ez dute lehiaketa honetan partidarik galdu eta hurrengo faserako sailkapena eskura dute.
Egoera aldeko du Intzako bikoteak gainera. Hilaren 12an eta 13an hitzordu bikoitza jokatzea aurreikusten zuten – jardunaldiko neurketa eta atzeratutako partida bat–. Alabaina Hernaniko kide baten lesioa medio, ez du jardunaldiko neurketarik jokatuko eta puntuak lortuko ditu aurkaria lehiara ez agertzeagatik. Ondorioz, Aretxabaleta 2 bakarrik izango dute aurkari hilaren 13an.
Kadeteek, berriz, ez zuten txapelketa horretako partidarik jokatu. Azken orduan, Tolosako pilotari batek positibo eman eta neurketa atzeratu zen.
Trinketean kale
Hilaren 5ean, berriz, Irurako Ametsa trinketean eman zion hasiera Intzak Trinketeko txapelketari.
Nahiz eta Intzako jubenil bikoteak partida ona egin, Villabonako Behar Zana bikotea nagusi izan zen (40-23). "Partida borrokatu zuten, baina ezin izan zuten trinketean jokatzera ohituta dagoen Behar Zanaren bikotearen aurka ezer egin, azaldu du Solanok".
Kadeteek ere ez zuten zorte hoberik izan. Beñat Olazabalek eta Jokin Lizasok Hernaniren aurka neurtu zituzten indarrak trinketean. Hernaniarrak fin ibili ziren eta Intzako bikoteak ez zituen aukerak ongi baliatu tantoak egiteko. Ondorioz, 8-40 izan zen partidaren azken emaitza.