Sorgin Jaiak-ek gai alternatiboa proposatu du inauterietarako: 'Lanbideak'

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 9a, 14:15

Lasarte-Oriako Udalak Indioak eta bakeroak gaia onartu du aurtengo inauteriak ospatzeko, eta Sorgin Jaiak-en iritziz, "arrazista eta koloniala" da. Horren ordez, herritarrei proposatu die lanbideez mozorrotzeko otsailaren 26an: "Pandemia garaian bizi dugun egoerak argi utzi du lanbide batzuk ezinbestekoak direla sistema hau sostengatzeko".

Sorgin Jaiak eragileko kideek irmoki salatu dute Lasarte-Oriako Udalak Indioak eta bakeroak gaia aukeratu izana, eta iradokizun alternatibo bat egin dute: Lanbideak. "Koronabirusaren garaian, prekarietate egoera larri batean egonda ere, alor askotako profesionalek sistema sostengatzeko ezinbestekoak direla erakutsi dute, esate baterako, osasun langileek, garbitzaileek, adinetako egoitzetako beharginek eta abar luze batek". Eragileak profesional horien lana aitortu nahi du, eta horregatik deitu ditu herritarrak buruari eragitera eta ogibideez mozorrotzera. "Kultur, jatorri, arraza, identitate...anitzeko herri bat osatu nahi dugula aldarrikatuko dugu!". 

Otsailaren 26an ospatuko ditu Lasarte-Oriak inauteriak, eta baita Sorgin Jaiak-ek ere. Gogotsu daude: "Has zaitezte zuen mozorroak prestatzen, herria sorginkeriaz betetzera gatoz!". 

Erlazionatuak