Guztira lau domina eskuratu zituzten herriko atletek eta hainbat marka ere ondu zituzten.Ostadar SKTko Naroa Furundarena bitan igo zen podiumeko gorenera; talde kide Oihana Igarrizek eta Real Sociedad taldeko Yeray Veronizek, berriz, bigarren mailan izan ziren.
Aipatu moduan, Furundarenak lortu zuen emaitzarik onena txapelketa horretan; luzera-jauzian zein jauzi-hirukoitzean urrezko dominak jantzi zituen atleta gazteak.
Luzera-jauziko lehiaketan 5,92 metroko jauzia egin zuen bosgarren saiakeran bere marka onduz.
Jauzi-hirukoitzean, berriz, azken saiakeran lortutako 12,42 metroko jauziak eman zion garaipena eta horri esker, denboraldiko marka onena lortu zuen.
Emaitza horiek, gainera, hilaren 25etik 27ra Ourensen lehiatuko den Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera ematen diote.
Oscar Goikoetxea Ostadarren prestatzaileak nabarmendu modura, "ederki egin zuen lan Naroak Euskadiko txapelketan, beti bezala. Horrelako lehiaketan hutsik egiten ez duela erakutsi du".
Zilarrezko dominak
Maila bat beherago izan ziren Ostadarreko talde kide Oihana Igarriz eta Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz; biek gainera pista estaliko denboraldiko marka ondu zuten.
Igarrizek pisu-jaurtiketa proban lortu zuen zilarrezko domina. Ez zuen lehia ongi hasi, baina jaurtiketak egin ahala postuak igotzen joan zen eta azken saiakeran 10,74 metrora jaurti zuen 4 kiloko pisua.
60 metroko abiadura proban jantzi zuen Yeray Veroniz herritarrak zilarra. Real Sociedad taldeko kideak zazpi segundo baino gutxiago egin zituen (6,99) finalean.
Horiez gain, Ostadarren kide diren Enara Gonzalezek bosgarren postuan (5,27 m.) amaitu zuen luzera-jauziko proba; txapelketan estrainekoz lehiatzen zen Nahia Surutusak zazpigarren postua (7,13 m.) eskuratu zuen pisu-jaurtiketan eta 18 urtez azpiko mailako Alex Alkain atletak 7,44 denbora egin zuen 60 m. lasterketako finalerdian bere marka onduz.
Azkenik, Aloña Mendi taldeko kide den Jon Presa herritarrak 3.000 m. lasterketan parte hartu zuen seigarren amaituz (8.57,34).
Zilarra eta brontzea, Master mailan
Bestalde, Espainiako Master mailako atletak Valentziako Luis Puig belodromoan batu ziren hilaren 4tik 6ra. Atletico Errenteria taldeko kideak bertan izan ziren lehian eta horien artean, Jose Ramon Latorre herritarra izan zen.
Latorrek abiadurako bi probatan parte hartu zuen: 60 m. eta 200 m. lasterketa. Bietan podiumean izan zen.
Abiaduradko proba nagusian, 60 m. proban, 7,45 segundo egin zituen finalean eta brontzezko domina jantzi zuen. 200 m. lasterketako A finalean, berriz, bigarren iritsi zen helmugara, 24,17ko denbora eginez.