Abian da aurtengo Itsaspeko Zinema Zikloa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 8a

Itsaspeko Zinema Zikloak hamalaugarrenez hartu du Manuel Lekuona kultur etxea. Real Sociedad taldeko urpekaritza sailak, Danok Kide elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatzen duten egitasmoa da, eta hilaren 7an egin dute lehen emanaldi-sorta. Horren aurretik, erakusketa ere inauguratu dute udal ordezkariek. Goizean, berriz, Txikizikloan parte hartu dute ikastetxeetako haurrek.

Hasi da 2022ko CIMASUB itsaspeko zinema zikloa. XIV. edizioa da aurtengoa, eta urtero bezala, itsas hondoan dagoena erakutsi asmoz antolatu dute. Ez horretarako bakarrik, ordea; ikus-entzuleak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko ere bai. Atzo proiektatu zuten ikus-entzunezkoen lehen sorta, eta herritar ugari bertaratu ziren. Danok Kide guraso elkarteko Jesus Mari Egizabalek eta Real Sociedad taldeko urpekaritza saileko ordezkari David Sanchezek ongietorria eman diete kultur etxera joandako herritarrei, eta zikloa aurkeztu. Koronabirusak baldintzatutako edukiera murrizketak medio, pozgarria da Egizabalentzat herritarrak kultur etxeko aretoan ikustea, hala adierazi du. 

Ikus-entzuleak liluratzeko, eta kontzientziatzeko antolatzen dute CIMASUB. Sanchezek azaldu du, gizakiak zabortegi gisa erabili duela urte luzez itsasoa, pentsatuz bertara botatako zaborra ezkutuan geratzen dela, baina kontziente izan gabe jarrera horrek zenbaterainoko kaletak eragin dituen. Herritarrak hortaz hausnartzea eta kontzientziatzea nahi du, horrek jarrera aldaketa bat eragin dezan. 

11 laburmetrai eta dokumental bat ikusi dituzte lehen saioan lasarteoriatarrek. Honako hauek, besteak beste: Felipe Ravina Olivaresen Sebdales; Hector Ripollés eta Lledó Bernat-en Mediterráneo film laburrak, eta Enrique Talledo Ruizen Cantábrico salvaje dokumentala. 

Otsailaren 14an eta 21ean izango dira hurrengo saioak. 19:00etan izango dira horiek ere, kultur etxeko auditorioan. 

Ikasleek ere parte hartu dute

Ikasle gazteak ere kontzientziatu nahi dituzte antolatzaileek. Horretarako,Txikizikloa egin dute astelehen goizean ere. 10 eta 12 urte bitarteko 190 gaztetxo batu dira kultur etxeko aretoan. Itsasoarekiko errespetuaz eta aldaketa klimatikoaren arazoaz kontzientziatzea bultzatu nahi dute antolatzaileek. Ordubeteko saioan parte hartu dute, eta itsasoaren egoeraren berri jaso ahal izan dute hainbat film laburri esker. Aldaketa klimatikoaren gaineko hitzaldi batean ere parte hartu ahal izan dute. 

Argazki erakusketa zabalik

Astelehen arratsaldean inauguratu dute baita ere CIMASUB itsaspeko zinema zikloaren argazki erakusketa. Arratsaldeko 18:30ean bildu dira Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian udal ordezkariak eta itsaspeko zinema zikloaren zuzendari David Sanchez Carretero eta Danok Kide elkarteko ordezkari Jesus Mari Egizabal. Denek elkarrekin ikusi dituzte erakusketa osatzen dituzten argazkiak. 24 irudirekin osatu dute bilduma. 

Hilaren 25era arte izango da erakusketa bisitatzeko aukera. 17:00etatik 21:00etarako ordutegian egongo da zabalik, astegunetan.