Ariketa sozial berritzailearen bigarren aldian 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena. 2018an baino %20,9 gutxiago eta unibertso potentzialaren %15. Jaitsiera horretan pandemiaren eragina nabarmendu dute ikertzaileek. Hala ere, bost partaidetik batek lehen aldiz eman du izena; belarripresten artean lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan dira. Lasarte-Orian, 2.105 herritarrek parte hartu zuten: 1.496 ahobizi eta 609 belarriprest.
2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren eta 30-44 urte artekoak nagusitu ziren. Asmoen artean, gehienek euskararen erabilera handitzea izan dute helburu, eta belarripresten artean, pisu handiagoa du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak.
Joerei dagokienez, zenbat eta euskaldunago izan ingurua, orduan eta altuagoa da ahobizi kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Guztira nabarmen gehiago izan dira ahobiziak. Rolaren aukeraketan hizkuntza gaitasunarekin lotu ohi bada ere, hizkuntza jokabidearen aldeko hautua ageriagoa da belarriprest rola aukeratu dutenen artean.
Lehen hitza euskaraz egitea edo euskaraz dakienari euskaraz egitea dira aldatzeko portaera errazenak; zailenak, berriz, aurretik erdarazkoak edo elebidunak ziren elkarrizketak. Portaera aldaketetan txapak lagungarri direla nabarmendu dute ikerketako galderei erantzun dietenek; 10 partaidetik 7k txapa beti, ia beti edo askotan erabili du eta horrek ziurtasuna eman diela diote.
Ariguneak, gunearen arabera
Bigarren aldian barneratu ziren ariguneak ariketara. 8.309 egoitzek eman zuten izena eta 24.363 arigune sortu zituzten Euskal Herrian. Lasarte-Orian, 65 erakundek sortu zituzten ariguneak, 136 barnekoak eta 271 kanpokoak, eta 1.141 kide aritu ziren haietan. Horietako 72 Ttakun Kultur Elkarteak antolatu zituen. Haiek sortzeko arrazoien artean, euskararen aldeko konpromisoa adierazteak pisu handia izan du, erabilera handitzeak baino gehiago.
Ikerketak azaleratu duenez, kanpo-arigunea eratzea errazago iruditu zaie entitateetako kideei, barne ariguneek lanketa sakonagoa behar izan baitute. Horri lotuta, gune euskaldunetan barne arigunearen ariketa errazagoa egin dute, kanpo arigunearena, aldiz, erdaldunetan.
Eraginik handiena ariguneetako kideen artean atzeman dute, erabilera mailarik handiena ere, baina gainerako harremanetan ere islatu da: ariguneetatik kanpoko entitateko kideekin zein entitatekoak ez direnekin.
Azkerketaren ildoa
Siadecok eta Euskararen Erakunde Publikoak aztertu dute Euskaraldiaren eragina, bai herritarren artean bai parte hartu duten entitateek sortutako ariguneetan. Halaber, herrietako batzordeen funtzionamendua eta eragina ere aztertu dute. Hiru ildotan gauzatu dute ikerketa: izena eman duten norbanakoak eta entitateak, partaideen jarduna eta jardun horren eragina, eta batzordeen eta prozesuen azterketa.
Jarduna aztertzeko, norbanakoen kasuan, 2.800 inkesta, 45 elkarrizketa eta 11 eztabaida talde egin dituzte Hego Euskal Herrian. Entitateen kasuan, aldiz, 600 inkesta, 45 elkarrizketa eta 6 eztabaida talde.
Hirugarrenerako ondorioak
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da hirugarrenez Euskaraldia Hitzez ekiteko garaia lelopean, aurrera egiteko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi duena.
Horri begira zenbait ondorio atera dituzte duela bi urteko ekimenetik. 2022ko ariketa soziala ikusgarriago egiteko beharra nabaritu dute, "aktibazioaren urtea" izango dela aurreratuz. Horretarako, kalea berreskuratu beharra eta identifikagarri nahiz txapen erabilera indartzeko lan egingo dute.
Bestalde, belarriprestak eta ahobiziak "eragile aktibo" izatea nahi dute bai nor bere buruarengan baita ingurukoengan ere, eta ahalegin berezia egingo dute parte hartzaileek lorpen berriak eskuratu eta haiek ikusgarri egiten ere.
Ariguneak bultzatu eta ikustarazteko dinamikak lantzen jarraituko dute, jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat emateko eragin garrantzitsua baitute, "erakundeek euskararen erabileraren inguruan urrats berriak egitea ahalbidetzen dute eta gizarte sektore zabalagoetara ere iristen dira".
Halaber, antolaketa-dinamikan ere partaidetza-ereduan sakontzen jarraitu nahi dute, "gobernuen eta herritarren ekintzak elkar elikatuz".