Bi greba egun deitu dituzte zaharren egoitzetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 5a, 15:28

LAB sindikatuak deituta, hilaren 16an, asteazkena, eta martxoaren 24an egingo dituzte lanuzteak Gipuzkoan. Salatu dutenez, pandemiak zaildu egin du zaharren egoitzetako egoera eta urri amaieratik behin baino gehiagotan eskatu duten hitzordua ez die eman Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Komunikabideetara bidalitako ohar batean ezagutarazi ditu sindikatuak greba egun berriak eta horiek aurrera eramateko zergatiak.

Gogoratu dutenez, urriaren 28ko greba egunean bilera eskaera egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari zaharren egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko. Erantzunik jaso ez zutenez, azaroaren 12an, beste greba egun bat burutu zuten, eta egoeran bere horretan jarraitzen zuela eta, abenduaren 17an Gizarte Politiketako egoitza okupatu zuten.Orduan, Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu bazuen ere, "gaur-gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri". 

Pandemiak "jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu duela diote langileen ordezkariek. Hala, salatu dituzten baldintzen artean daude: gehiegizko lan karga eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edo lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegi aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikazio gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokolo eta segurtasun irizpideen etengabeko aldaketak... 

"Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala" dela diote, langile eta patronalaren arteko lan gatazkaz harago doana, kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzeko eskubidea ere koloka baitago. Aldundia eta patronala "irtenbideak bilatzetik urrun", ordea, urgentziazko egoera hau "betikotzen" ari direla uste dute. Beste behin nabarmendu dute egoera zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Beharrezko eredu aldaketa lortu artean, gatazka amaitzeko behin-behineko baldintzak Gipuzkoako helduen egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea dira.

Mobilizazio deialdiak:

  • Hilak 11: elkarretaratzeak Gipuzkoako erresidentzia guztietan.
  • Hilak 14: Auto karabana Domus VI erresidentziatik, 10:00etan.
  • HIlak 16: Manifestazioa Bulebarretaik, 11:00etan.