Aspanogiren V. Ipar Martxa, osasuna eta elkartasuna batzen dituen ekimena

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 4a

Otsailaren 15a Haur minbizidunen nazioarteko Eguna da. Bi egun lehenago, Aspanogik V. Ipar Martxa ibilbidea antolatu du, "Bizi iraupen bat posible da" lelopean

11:00etan hasiko da ekimena Saguesen, eta Haizearen Orrazian amaituko da. Guztira, 6,1 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Ipar martxa eginez edo oinez, erraz egiteko moduko ibilbidea da, antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Lasarte-Oriak ordezkari dezente izango ditu jarduera horretan: Ostadar SKTko kideez gain, Porrotxek ere tipi-tapa egingo baitu ibilbidea. Pailazoak zein herriko taldeko lagunek elkartasun martxa horretan parte hartzeko gonbita egin diete herritarrei.

Ipar martxako kideek jakitera eman dutenez, goizeko hamarretako trena hartuko dute Donostiara joateko.

Parte hartu nahi dutenek www.herrikrosa.eus orrialdean (bost euro) edo egunean bertan (hamar euro) izena eman dezakete. Parte hartu ezin dutenek eta euren elkartasuna erakutsi nahi duten herritarrek ere badute aukera 0 dortsaleri esker.