Talde urdin-beltzeko jokalariek gogoz ekin zioten neurketari. Kontraeraso eta joko arinari esker, 10-0ko partziala egin zuten. Azkenengo minutuetan, ordea, bi taldeen joko erritmoa lasaitu eta Astigarragakoak gai izan ziren sakira hurbildu eta puntuak egiteko.
Bigarrengo laurdenean, Aitor Lasek zuzentzen duen taldea izan zen nagusi defentsan. Aurkariari saskira iristeko oztopoak jarri eta Ostadarrek ez zuen punturik jaso 10 minutuetan. Erasoan, berriz, lehenengo laurdeneko erritmoa mantsotu zuen talde urdin-beltzak. Eta jokaldiak ongi burutuz jokalari guztiek saskiratzeak lortu zituzten.
Atsedenaldiaren ostean, partida hasierako joko erritmoa berrezartzeko agindua eman zuen Lasek eta kontraeraso eta baloi lapurreta azkarrei esker abantaila handitu zuen Ostadarrek. Kanpoko entrenatzaileak atsedena eskatu ostean, Astigarragako jokalariek erritmoa mantsotzea lortu zuten eta talde urdin-beltzaren saskiratze jarioa geratu zuten. Gainera, hiruko bat saskiratu zuten laurdenaren azkenengo uneetan.
Etxeko taldeak erasoari ekin zion azken zatia hasi bezain laster. Baloia mugitu eta tantoak egiten zituen bitartean Astigarragako taldearen erasoak gelditzeko gai izan zen Ostadar.
Azken minutuetan Astigarragako entrenatzaileak atseden berria eskatu eta emandako jarraibideei esker, etxeko taldearen hainbat eraso zapuztea lortu zuen aurkariak; Ostadarrek apenas egin zuen saskiratzerik.
Jarrera
Aitor Las entrenatzaileak neurketan bere jokalariek izandako eskuzabaltasuna nabarmendu du, "baloia batetik bestera mugitu eta jokalari guztiek saskiratzea lortu dute".
Era berean, Astigarragako taldeak txapelketan izandako garapena eta jokalarien jarrera azpimarratu du: "Lehenengo pausoetatik hasita, asko ikasi dute. Markagailua aurka izanagatik ere, kantxan ondo pasatzen dute".
Eta gogo horiek bere jokalariei kutsatzea espero du: "Baliagarria izan daiteke hurrengo partidei aurre egiteko; sailkapeneko buru diren taldeen aurka egin beharko baitugu".