Ikasturteko programa eta ekimen iraunkorrak ez ezik, horiekin uztartzekoak izango diren hitzaldiak eta bestelako jarduerak dinamizatuko dituztela jakinarazi dute bi erakundeen ordezkariek. Arestian esan bezala, datozen hilabeteetarako eskaintza prestatzen ari dira udala eta Ttakun, eta horretarako, aukera emango die lasarteoriatarrei ekarpenak egiteko, aipatu eskuorriaren bidez. Hori dela eta, jakinarazi dute herritarrek zenbait gunetan eskuratu ahalko dituztela: Ttakunen, Ttakunenean, udaleko Euskara zerbitzuan, Manuel Lekuona Kultur Etxean, Udal Euskaltegian eta Muntteri-AEK euskaltegian. "Izen emateak eta ikastaro berriak antolatzeko proposamenak Geltoki kaleko bulegoan jasoko ditugu", zehaztu du Illarramendik.
Talde iraunkorrak
Arestian aipatutako ikastaroek, gutxi gorabehera, hilabeteko maiztasuna izaten dute, eta ikasturtean zehar egin ohi dira, irailetik uztailera. Hauek izan ziren iazko batzuk: makrame egiten ikastekoa edota bizikletak konpontzekoa. Edonola ere, herritarrek aukera gehiago dituzte kulturaz eta euskaraz gozatzeko, iraunkorrak diren programa batzuetan: une honetan Titare jostun taldea, Xumela korua eta Plaza Dantza daude martxan, baina antolatzaileen nahia da sorta zabalagoa izatea, eta horregatik, lasarteoriatarrak deitzen dituzte ekarpenak egitera, eskuorriaren bitartez.