Igoera fasea lehiatzen ari da Kadete 1. mailako taldea. Laugarren jardunaldian, Azpeitiko Lagun Onak izan zuen aurkari eta 1-4 galdu zuen.
Neurketako lehen minutuetan lehia interesgarria izango zela zirudien. Nahiz eta Lagun Onak baloia hobeto mugitu, talde txuri-urdinak arriskua sortzeko gai zela erakutsi zuen. Eta bi taldeek aukerak izan zituzten markagailuan aurre hartzeko.
Lehen zatiaren erdian, Texasek gola egin eta epaileak baliogabetu egin zuen erasoan falta egiteagatik. Horrek kadete mailako jokalariengan eragina izan zuen eta momentu hori baliatu zuen Lagun Onakek markagailua irekitzeko.
Etxeko taldeak, ordea, ez zuen amore eman eta atera gerturatzea lortu zuen behin baino gehiagotan.
Atsedenaldira 0-1eko markagailuarekin iritsi zen lehia eta garaipenaren bila, bi aldaketa egin zituen Texaseko entrenatzaile Iker Morenok.
Alabaina, bigarren zatiari hasiera ematearekin bat partida hautsi zuen Azpeitiko taldeak; bigarren gola egin eta jokoaren kontrolaz jabetu zen.
Talde txuri-urdinak ezin zuen aurkariaren erasoen aurka ezer egin eta Lagun Onakek aukera ugari sortu zituen. Bitan gainera atean sartu zuen baloia.
Bien bitartean, Texasek ezin izan zuen azpeitiarren defentsa urratu. Gainera, jokalariak min hartzeagatik aldaketa batzuk egin behar izan zituen Morenok.
Laugarren gola egin ostean, aldiz, erritmoa moteldu zuen Lagun Onakek. Texasek baloia mugitzeko erraztasun gehiago izan zuen eta eraso batean, gola egitea lortu zuen.
Beste emaitzak
Ordu batzuk geroago, Infantil 1. Mailako gaztetxoak atera ziren zelaira. Yonatan Monroyk zuzentzen duen taldeak Urnietaren aurka jokatu zuten eta 1-3 galdu zuen.
Eskola mailako gaztetxoek ere jardunaldia izan zuten. 1. urteko Alebin Mailan lehian ari den Ostadar SKT eta Texas Lasartearra elkarteen artean osatutako taldeak hilaren 30ean 2011. urteko Lazkao KE 2 taldearen aurka neurtu zituzten indarrak.