Herriko atletak Gipuzkoako txapelketako podiumean izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 2a

Naroa Furundarena, jauzi hirukoitzeko podiumeko gorenean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Hilaren 29an eta 30ean, absolutu mailako Gipuzkoako Txapelketa lehiatu da Donostiako Antonio Elortza belodromoan. Lasarte-Oriak hainbat ordezkari izan ditu eta Ostadar SKTko kideak eta Yeray Veroniz herritarra podiumera igo dira

.Jauzi eta jaurtiketa probetan lortu dituzte hiru dominak herriko kirol elkartearen kideek. Jauzi hirukoitzeko lehen postua eskuratu du Naroa Furundarenak; Enara Gonzalezek zilarrezko domina jantzi du luzera-jauzi proban eta Nahia Surutusak maila honetako lehen domina lortu zuen pisu-jaurtiketa proban, brontzezkoa. 

Nahiz eta lehen saiakeran balio gabeko jauzia egin, Furundarena nagusi izan zen jauzi hirukoitzeko proban. Baleko hiru jauzi egin zituen eta azkenean, 12,38 metroko jauzia egin zuen. 

Eta Oscar Goikoetxea taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, "marka horri esker, Ourensen (Galizia) antolatuko den Espainiako Txapelketarako sailkatu daiteke".

Horrez gain, 60 metroko lasterketan ere parte hartu zuen herritarrak. Sailkapeneko proba gainditu eta finalerako sailkatu zen Furundarena. Horretan zazpigarren postua eskuratu zuen.

Gonzalezek, berriz, txapelketa orekatua egin zuen. Lehen jauzitik aurrean izan zen eta Atletico San Sebastian taldeko Ainhoa Intxaurragak bakarrik gainditu ahal izan zuen. Gonzalez 5,39 metroko jauziari esker izan zen bigarren postuan.

Goikoetxearen hitzetan, marka hobetzen saiatuko da gaztea 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan lehiatzeko.

Pisu-jaurtiketa proban izan zen ezustekoa. Nahia Surutusa juniorrak lehen jaurtiketan 7,66 metro egin eta hirugarren postua eskuratu zuen. Maila absolutuan lortzen duen lehen domina da.

Podiumean izan zen ere Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz herritarra. 60 metro lasterketa hirugarren mailan izan zen, proba zazpi segundotan amaituta.

Beste herritar batzuk ere izan ziren lehian. Aloña Mendi taldean dagoen Jon Presak, esate baterako, 1.500 eta 3.000 metroko probak egin zituen eta sailkapeneko lehen zazpiren artean izan zen.

Eta Iraia Alkorta eta Alex Alkain 60 metro lasterketan lehiatu ziren lehenengoz Ostadarren izenean.