'Otello' opera digitalaz gozatzeko aukera dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 2a

Giuseppe Verdi musikagilearen lana proiektatuko dute hilaren 9an. Manuel Lekuonan izango da, 19:00etan eta sarrerak salgai daude kultur etxeko leihatilan 

Opera zaleek hitzordu erakargarria dute. Lasarte-Oriako Udalak eta Danok Kide elkarteak antolatuta, Giuseppe Verdi-ren Otello opera digitala ikusteko aukera izango dute. Bertaratzeko sarrerak erostea ezinbestekoa da, eta horiek kultur etxeko leihatilan eros daitezke dagoeneko. 7,5 eta bederatzi euro artean balio dute. 

2013. urtean grabatu zuten Palazzo Ducale di Venezia-n, eta sekulako arrakasta lortu zuen: "Zazpi minutuz egin zuten txalo ikus-entzuleek", azaldu du Jesus Mari Egizabal Danok Kideko ordezkariak. 

William Shakespeare-k idatzitako lanean oinarrituta osatu dute opera saioa, eta honako protagonista hauek agertuko dira pantaila handian: Gregory Kunde tenorea (Otello-ri jarriko dio ahotsa); Carmela Remigio sopranoa (Desdemona interpretatuko du) eta Lucio Gallo baritonoa (Yago izango da). Horiekin batera arituko dira Teatro La Fenice-ko orkestra eta abesbatza, guzti horiek Myung-Whun Chung-en zuzendaritzapean.

Tragedia handi baten lekuko izango dira ikus-entzuleak. Pasioak, jeloskortasunak eta mendekuak hezurmamituko dute obra.