Nahia Zudairek AXA txapelketan parte hartzen zuen azken urtea zuen eta ederki esan zion agur; jubenil mailako Espainiako txapelketa eskuratu zuen. Sailkapen orokorrean, berriz, hirugarren izan eta eta iazko podiuma errepikatu zen. Zudairerekin batera Anastasiya Dmytriv (urrea) eta Enrique Alhambra (zilarra) izan ziren lehen postuetan.
Zudaire lau probatan lehiatu zen Valdemoron (Madril) antolatutako proban. Guztietan izan zen S8 mailako lehen postuan eta honakoak izan ziren egindako markak: 400 m. libre proba, 5.04,55; 100 m. libre proba, 1.10,36; ,100 m. tximeleta proba, 1.22,29 eta 200 m. lau estilo proba, 2.55,67.
Azken hori, 25 metroko igerilekuko marka pertsonal berria du Zudairek eta Buruntzaldea IKTko marka berria ere bada.
Egindako lanari esker, puntuazio altua lortu zuen igerilari gazteak eta txapelketa amaieran, jubenil mailako txapela jantzi zuen, baita sailkapen orokorreko brontzea ere.
Markak ontzen
Igeriketa taldeko txikiek Alebin Teknifikazio Sarian parte hartu zuten, hilaren 30ean.
Azpeitian antolatu zen txapelketara igeriketa taldeko hamahiru gaztetxo sailkatuta bazeuden ere, bederatzik lehiatu ahal izan zuten gaixotasunak eta bestelako konpromezuak zirela medio.

Taldeko igerilari guztiak goiz eta arratsaldeko saioan jardun ziren eta banakako zein erreleboko probetan parte hartu zuten.
Deskalifikatuak izan ziren pare bat igerilari izan ezik, Buruntzaldea IKTko gaztetxoek euren markak ontzea lortu zuten banakako probatan. Lortutako postuak eta markak honakoak izan ziren:
- Ibon Elola: bigarren postua 100 m. lau estilo proban, 1.22,96; hamargarren postua 200 m. libre proban, 2.43,89.
- Amaiur Iparragirre: hirugarren postua 400 m. libre proban, 6.26,43; zazpigarren postua 200 m. bular proban, 4.01,71.
- Nora Atxaga: hirugarren postua, 200 m. bizkar proban 3.27,20; hamargarren postua 100 m. libre proban, 1.29,40.
- Nora Miguelez: hirugarren postua 100 m. tximeletan, 1.43,11.
- Mario Amantegi: hirugarren postua 100 m. bizkar proban, 1.20,12.
- Iñaki Garcia: bi laugarren postu 200 m. lau estilo proban, 2.52,23 eta 100 m. libre proban, 1.08,76.
- Oihan Matute: bi seigarren postu 200 m. libre proban, 2.39,04 eta 100 m. bizkar proban, 1.25,98.
- Saray Lobato: bosgarren postua 200 m. lau estilo proban, 3.46,34; zortzigarren postua 100 m. libre proban, 1.27,76.
- Kimetz de la Cruz: hamaikagarren postua, 200 m. bizkar proban, 3.15,33; zortzigarren postua 100 m. bizkar proban, 1.32,56.
Erreleboko probei dagokionez, neskak 4x100 m. libre proban hirugarren izan ziren (6.01,76) eta mutilak, berriz, bosgarren (4.51,04). Lau estiloetako 4x100 m. erreleboan neskak laugarren izan ziren (6.59,10) eta mutilak, aldiz, bosgarren (5.41,01).
Orain, aste batzuk izango dituzte igeriketa taldeko txikiek hurrengo proba prestatzeko. Otsailaren 12an, berriz, Hernaniko igerilekuko uretara egingo dute jauzi Buruntzaldea IKTko alebinek. Eusko Jaurlaritzak Eskola Kiroleko lehiaketak eten izanagatik atzeratuta geratu zen hitzordua izango dute, Alebin Ligako 4. jardunaldia.