Aurten, Lasarte-Oriako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko 14. edizioa aurkeztuko dute gaur goizean Real Sociedad taldeko itsaspeko saileko ordezkari David Sanchezek, Agustin Valdivia alkateak, eta Danok Kide guraso elkarteko Jesus Mari Egizabalek. Otsailaren 7an, 14an eta 21ean izango dira emanaldiak, 19:00etan Manuel Lekuonan eta "Itsasoarekiko maitasunak guztiarekin ahal duenean da aurtengorako aukeratu duten leloa. Sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek; edukiera bete arte sartu ahal izango dira herritarrak emanaldietara. "Lehen mailako estreinaldiak ikusi ahal izango ditugu pantailan, Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa bezalako lehiaketa txalotuak". 27 film labur eta 3 dokumental proiektatuko dituzte. Alde batetik, iraganera bidaia bat egingo dute bertaratzen direnek, itsas hondoen gaur egungo egoera eta duela 50 urtekoaren arteko aldeaz jabetu ahal izango dira ikus-entzuleak. Bestalde, Kantauri itsasoaren alderik basatiena eta Kanariar Uharteetako Mantelinen babeslekua ere ezagutuko dituzte. Gainera, Mediterraneoko hondorik ikusgarrienak ere gozatuko dituzte, eta Indonesiako uretan ere murgilduko dira.
Film laburren intentsitateak eragin handia du ikuslearengan, bai irudiengatik, zein transmititzen diguten mezuarengatik, hala azaldu du Sanchezek. Pantaila handian oso gutxitan ikusi daitezken leku eta espezie ezberdinen irudiak ikusteko aukera ematen duen erakusleihoa da Itsaspeko Zinema Zikloa, bideografo onenek ur azpian ematen dituzten ordu guztiei esker lortutako irudi paregabeak eskaintzen dizkie ikus-entzuleei. Honekin batera, gizakiak itsasoarekiko duen jarrera "desegoki eta krudela" ere azaleratzen du.
Zinema zikloaren garapena azaltzen duten zenbait datu ere ezagutarazi ditu Sanchezek. Kontatu du 6.000 pertsona inguruk parte hartu dutela azken hamabi hilabeteetan egin dituzten ekitaldietan. Horrekin batera, 1.700 umek parte hartu dutela Txikizikloetan, eta "planetako txoko guztietatik" iritsitako 120 lan baino gehiago aurkeztu direla euren lehiaketetara.
Haurrak ere partaide
Otsailaren 7an, 10:00etan, Txikizikloan parte hartuko dute ikastetxeetako haurrek. 10 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat. Haurrekin lanketa egitea "ezinbestekoa" dela uste du Sanchezek, "txikitatik kontzientzia hartu dezaten". "Erronka zaila utziko diegu eta sentsibilizazio aldaketaren eragile indartsuak bihurtu behar ditugu, gure azken itxaropena direlako. Itsaspeko mundu liluragarri eta zoragarri hau ezagutu ahal izango dute honetarako", gaineratu du.
Aipatu jarduera horretan parte hartu aurretik, ordea, lanketa egingo dute ikastetxeetan. Horretarako material didaktikoa eman diete zinema zikloko arduradunek: "Proposamen oso zehatz bat eman zaie irakasleei, garatu beharreko jarduerak eta orientabide metodologikoak jasotzen dituena, ikus-entzunezko materialarekin lagunduta. Proposamen hori ikasgelan garatu ahal izango dute".
Argazki erakusketa
Aurtengo ziklora aurkeztutako argazki onenen erakusketa bisitatzeko aukera ere izango da. Kultur etxeko kafetegian jarriko dute, otsailaren 7tik 25era eta honako ordutegian: 17:00etatik 21:00etara. 24 argazkik osatuko dute egitasmoa, eta munduko itsaspeko hondoetan zehar bidaiatuko dute bisitariek: "Espezie bitxi eta deigarrienak erakutsiko dizkigute, gutxitan ikusten diren egoeretan. Naturaren edertasuna eta gizakiak harekiko duen jarreraren krudeltasuna, erakusketa berean".