Norgehiagoka zaila izango zenaren jakitun atera zen Eguzki kantxara. "Herrikidek jokalari azkarrak ditu eta fisikoki ongi prestatuak", azaldu du Josu Lopezek.
Partida ongi hasi zuen herriko taldeak. Aukera asko sortu zituen, baina aurkariaren atezainak Eguzkik aurre hartzea eragotzi zuen. Gainera, kontraerasoak arriskua sortzeko baliatzen zituen Herrikidek.
Era horretara, Tolosako taldeak gola egitea lortu zuen eta 1-3koa arte, Eguzki atzetik joan zen.
Orduan, presioa aurreratu zuen Lasarte-Oriako taldeak. Herrikideko jokalariak akatsak egiten hasi ziren eta horri esker, partida berdintzea lortu zuen Lopezen eta Escribanoren taldeak.
Gainera, aurkaria irekitzen joan zen eta sortutako guneak baliatuz garaipenaren gola egin zuen Eguzki Arkupe taldeak.
Lopez pozik dago jokalariek egindako lanarekin: "partida gogorra izan da. Baina taldeak duen harrotasuna eta irabazteko grina erakutsi du".
Bigarren postuan
Egun Lasarte-Oriako taldea sailkapeneko bigarren postuan da. Ez da erraza izan bertan egotea; lehiaketa zaila dela nabarmendu du Eguzkiren prestatzaile Lopezek: "Maila handiko taldeak daude eta partida bakoitzean ahal dugun guztia eman behar dugu. Sailkapenean ikus daiteke puntu gutxitan talde ugari gaudela".
Lehiakortasun hori ikusirik, taldearen helburua igoera fasea ziurtatzen duen lehen lau postuetan geratzea da. Hala ere, Lopezek onartu bezala, "bigarren postua mantendu badezakegu, primeran egongo litzateke".