Zinema eta antzerkia dira otsaileko kultur agendaren osagai nagusiak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 1a

Hika Teatroa konpainiak 'Tarara' antzeztuko du otsailaren 19an, Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Lasarte-Oriako Udalak otsaileko kultur agenda aurkeztu du. XIV. Itsaspeko Zinema Zikloa izango da jarduera erakargarrienetako bat, baina ez bakarra: haurrentzako zein helduentzako antzerki emanaldiak ez dira faltako eta Udal Musika Eskolako kideek kontzertu bufoa emango dute inauterien atarian.

Real Sociedad taldeko Urpekaritza sailak, Danok Kide elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak XIV. Itsaspeko Zinema Zikloa antolatu dute, otsailaren 7tik 25era. Otsaileko kultur agendan ezinbesteko bihurtu den ekimen honetan itsasazpiko mundua ezagutaraziko die lasarteoriatarrei. Manuel Lekuona Kultur Etxeko 1. solairuan argazki erakusketa bat jarriko dute, eta 7an, 14an eta 21ean ikus-entzunezkoen emanaldiak egingo, 19:00etan hasita. Sarrerak doakoak izango dira.

Hilabetero bezala, Okendo Zinema Taldeko kideen bi proiekzio egingo dituzte. Otsailerako Last Night in Soho eta No somos nada filmak aukeratu dituzte. Otsailaren 11n eta 25ean egingo dituzte emanaldiak, 20:30etik aurrera. Sarrerek sei euro balio dute. Urteko bigarren hilabeteko kartelera pelikula hauek osatuko dute: Ilargirantz, Tundama y el templo del sol, Canta 2, Spider-Man No Way Home, El contador de cartas, El caso Villa Caprice eta Todo ha ido bien. Zerrenda horretako aurreneko lauak haurrentzako saioak izango dira, eta sarrerak lau eurotan eros ditzakete herritarrek. Gainerakoak, berriz, helduentzat izango dira, eta sartzeko sei euro ordaindu beharko dituzte.

'Leihoak' eta 'Tarara'

Izen horiek dituzte otsaileko kultur agendako bi emanaldiek. Teatro Paraiso konpainiak Leihoak ekarriko du otsailaren 12an, 17:00etan, etxeko txikienentzat. Astebete geroago, Hika Teatroak Tarara antzeztuko du, 20:00etan hasita. Bi emanaldiak kultur etxeko auditorioan egingo dituzte; sarrerek lau eta sei euro balio dute, hurrenez hurren.

Oholtza horretara igoko dira Udal Musika Eskolako kideak ere, otsailaren 24an, inauterien atarian, kontzertu bufoa egiteko. Mozorro koloretsuak soinean, azken hilabeteetan ikasi dituzten piezak joko dituzte guraso eta lagunen aurrean. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta doakoa izango da sarrera.

Bestalde, Opera zikloaren barruan, otsailaren 9an Giuseppe Verdi konpositorearen Otello lana proiektatuko dute, kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Sarrerek 7,5 eta bederatzi euro artean balio dute.

Otsaileko hitzorduak AGENDA atalean kontsulta ditzakezue