"Egin beharrekoa egin dut. Hemendik aurrera ere orain arte bezala, disfrutatzea izango da helburua"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 28a, 09:47

'Biba Egunean Behin' finaleko garailea da herritarra. Une batetik bestera, bat-batean erabaki zuen lehian parte hartzea eta finalik onena jokatuta, bidaia txartel bat irabazi du 

Berokia jantzita, etxetik kalera irteteko puntu-puntuan harrapatu zuen Biba Egunean Behin lehiaketak Jon Arroyo Alkorta (Lasarte-Oria, 1981) herritarra. Euskal Telebistako lehen katean lehiaketa hastera zihoala iragartzen ari zirela entzun, eta kalera joan beharrean, etxean geratu eta jokoan parte hartzea erabaki zuen; sakelakoa eskuetan hartuta, "inolako asmorik gabe", hitzordu horren parte izatea besterik ez.

Jarraikortasunez parte hartu du Arroyok orain arteko edizioetan; aitortu du "gustura" aritzen dela, joko-taldeetan sortzen den lehia atsegin duela. Horretarako behintzat ematen baitu aukera Egunean Behinek, lehia sanoak sortzekoa. Jokoari egunero-egunero minutu bat edo bi eskaintzea besterik exijitzen ez dionez, inguru hurbileko lehiakideekin sortzen den giroak bultzatuta jokatzen du Egunean Behinen: "Zubietako eskola txikiko ikasle dira seme-alabak, eta bertako gainerako gurasoekin batera talde bat osatu genuen. Sailkapen horretan goiko postuetan aritzearekin konformatzen naiz", azaldu du txantxa eginez.

"Etxetik irteteko zorian harrapatu ninduen; dena alde izan nuen"

Zortzigarren edizioaren amaiera izan zen zuzeneko finala. Abenduaren 16an jokatu zen eta ia 29.000 lehiakidek parte hartu zuten aldi berean. "Sekulakoa" da Arroyorentzat kopuru hori. Horien artean aritu zen bera ere, eta final onena egin zuelako izan zen garaile. Kontatu du finalaren aurretik hiru txanda jokatu zituztela (parte hartzaile guztiei irekiak). Lehenengoan hamar galderak zuzen erantzun zituen, 43 segundoan. Bigarren emaitza zertxobait okerragoa izan zen; zortzi asmatu zituen ia minutu batean, baina hirugarrenean, berriz ere lortu zuen gora egitea; erantzun guztiak asmatu zituen 45 segundoan. Hiru partida horien ostean jokatu zen finala. Lehen hogei sailkatuek –hamazazpigarrena izan zen Arroyo– parte hartu zuten, eta edizioko irabazle Erik Gartzia batu zitzaien. Azken saio horretan berriz ere galdera guztiak zuzen erantzun zituen, 49 segundoan. Bera izan zen finala jokatu zutenetatik hamarrak asmatu zituen bakarra, hortaz garailea.

Elkarrizketatu duen txintxarri-ko kazetariarentzat harrigarria da hain denbora gutxian galdera guztiak zuzen erantzutea, eta abilezia horren inguruan ere galdetu dio. Azaldu du "dena alde" izan zuela: "Ezagutzen nituen gaien gaineko galderak egokitu zitzaizkidan, nahiz eta bizpahiru intuizioz erantzun nituen. Azken horiek zuzen erantzuten asmatu nuen".

Ez zuen imajinatu ere egin, etxeko atetik irteteko zorian egon ostean lehiaketako finaleko garaile izango zenik. Gogoratu du EiTBtik zuzenean deitu ziotenean ohartu zela lortu zuenaz: "Inolako pretentsiorik gabe jokatu nuen. Emaitzak ikusita gustura geratu nintzen, baina deia jaso nuenean, ezin nuen sinetsi. Gau horretan lo hartzea ere asko kosta zitzaidan".

"Ezin nuen sinetsi irabazle nintzela. gau horretan lo hartzea ere kosta zitzaidan"

Bidaia txartela opari
Finala irabaztearen truk, sari ederra egokitu zaio; 2.000 euroko bidaia txartela jaso du opari. "Poz-pozik eta gustura" hartu du saria, nola bestela. Familiarekin bidaiatzeko erabiliko duela argitu du, nahiz eta oraindik ez duten erabaki nora joango diren. Etxekoek Paris aldera joateko proposamena egin diote, baina ez dute ezer zehaztu oraindik. Kontatu du sariak ez daukala iraungitze datarik, hortaz, ez dute bidaia berehalakoan prestatzeko inolako derrigortasunik.

Bederatzigarrena ere ate joka
Datorren astelehenean, urtarrilaren 31n abiatuko da Egunean Behinen bederatzigarren edizioa. Arroyok badu jokatu eta "saltsa horretan" jarraitzeko gogoa. Saritu izateak inolako presiorik eragite ote dion galdetuta, ezetz erantzun du berehala: "Egin beharrekoa egin dut. Hemendik aurrera ere orain arte bezala, disfrutatzea eta ingurukoen aurretik sailkatzea izango da helburua", azaldu du barrez, berriz ere txantxa eginaz.