Erregional 1. Mailako taldeak Igoera faseko lehen puntua eskuratu du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urtarrilaren 27a

Ostadar SKTren jokalaria baloiarekin ihesi.

Hiru jardunaldi behar izan ditu Ostadar SKTren Erregionalen 1. Mailako taldeak igoera faseko lehen puntuak eskuratzeko. Mikel Zarragaren taldeak Behobiaren aurka neurtu zituen indarrak hilaren 22an

Ostadar zein Behobia taldeetako erregionalak irabazteko gogoekin atera ziren Michelin kirol guneko zelaira hilaren 22an eta borroka gogorra izan zen. 

Bosgarren minutuan Iker Iñurritak sartutako gol bati esker, Ostadarrek markagailuan aurreratzea lortu zuen.

Egoerak Behobia desorekatuko zuela zirudien arren, aurkariak  bere xederari eutsi zion.

Mikel Zarragak zuzentzen dituen jokalariak, berriz,  garaipena finkatzeko bigarren golaren bila joan ziren baina ezin izan zuten talde irundarraren defentsa gainditu.

Azkenik, talde urdin-beltzaren sarea zulatzea lortu zuen arerioak. Eta banako berdinketarekin bi taldeak garaipenaren golaren bilatu zuten azken minutura arte. Ez zen baloi gehiagorik atean sartu eta beraz, puntuak banatu behar izan zituzten bi taldeek.

Maila handia 

Era honetara, fase berriko sailkapen taulan lehen puntua gehitu du Erregional 1. Mailako  taldeak. 

Mikel Zarraga entrenatzaileak igoera fasea ongi hasi ez dutela onartu du. Emaitzak lagun izan ez arren, lehen jardunaldiko eta Behobiaren aurkako partidak borrokatu zituztela ere azpimarratu du: "Ez gara ondo hasi emaitzak ikusita eta joko aldetik ere akatsak egiten ari gara. Hori horrela izanda ere, lehenengo partida eta azken hau lehiatu ditugu".

Maila handiko taldeei aurre egin beharko dietela eta partidak gogorragoak izango direnaren jakitun da talde urdin-beltzeko prestatzailea eta horregatik, igoera fasea "gogorra bezain ederra izatea espero dugu, partida mamitsuagoekin". 

Eta hori horrela izan dadin, partida guztiak lehiatzea helburu dutela zehaztu du: "Ez daukagu emaitzei dagokienez helbururik.Gure intentzioa partida guztiak borrokatzea da eta ondorioz neurketak aurrera ateratzeko aukerak gehitzea".