Senior 1. Mailako taldeak ongi landutako garaipena lortu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urtarrilaren 27a

Ostadar Saskibaloia saileko Senior 1. Mailako jokalaria baloia jaurtitzen.

Garaipena erdietsiz amaitu du lehen itzulia Ostadar Saskibaloia saileko Senior 1. Mailako taldeak. Hilaren 22an, Maialen Chourraut kiroldegian Astigarraga Mundarroren aurka nagusi izan zen talde urdin-beltza, 57-39

Partidaren lehen minutuetan ez zen esna ibili Ostadar. "16:00tako partida luzatu zen eta beroketak egiteko denbora gutxi eduki genuen, Horrek eragina izan zuen neurketa hasieran; lo atera ginen zelaira," azaldu du Endika Marrahi entrenatzaileak. 

Egoera horri itzulia eman eta pixkanaka partidaren erritmoa ezartzen joan zen talde urdin-beltza. Kontraerasoan zein defentsan lan ederra egin zuten etxeko taldeko jokalariek; alabaina, saskiratze gutxi lortu zituzten eta bost puntuko errenta bakarrik lortu zuen lehen laurdenean.

Ostadar jokoaren jabe izaten jarraitu zuen bigarren laurdenean. Erasoan eroso ibili zen eta saskiratzeak ugariak izan ziren. Aldea handitzen joan zen eta atsedenaldira iristean 30-18koa zen markagailua.

Borrokatuagoa izan zen hirugarren laurdena. Etxeko taldearen nagusitasuna nabarmena izan zen lehen minutuetan. Errenta hamazazpi puntura handitzea lortu zuen Ostadarrek. Hala ere, Astigarragako taldeak ez zuen amore eman eta bederatzi puntuko partzial bati esker aldea txikitu eta zortzi puntura jarri zen. Ostadarrek ongi erantzun zuen eta azken minutuetan, pertsonaleko marratik  beste hiru puntu lortu zituen.

Azken laurdenari begira, Endika Marrahik partida osoan zehar jarraitutako taktikari eutsi zion. Ongi erantzun zuten jokalariek eta egindako lanari esker, 16-10 partziala eta garaipena erdietsi zuen Ostadarrek.

Hurrengo jardunaldian bigarren itzuliari hasiera emango diote Senior 1. mailako taldeek; Ostadarrek, ordea, atsedena du. Ongi etorriko zaie aste beteko etena senior mailako jokalariei  bigarren jardunaldiko hitzordua prestatzeko. Otsailaren 6an, larunbatarekin, Goierri AYMA, sailkapeneko bigarren postuan den taldea izango baitu aurkari Ostadarrek Maialen Chourraut kiroldegian.