Defentsako hutsek partida baldintzatu zuten

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urtarrilaren 27a

Eguzki ISU Leihoak taldeko jokalaria baloia mantentzeko borrokan.

Bigarren itzuliari hasiera eman dio Eguzki ISU Leihoak taldeak; ez du emaitza onarekin hasi, ordea. Lehen zatia nahiko parekatua izan arren, Eskoriatzak 0-3 irabazi zion Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako partidan

Eguzki ISU Leihoak taldeak eta Eskoriatzak partida irabazteko gogoekin zeudela erakutsi zuten neurketako lehen minututik.Alabaina, fin ibili ziren bi taldeak defentsan eta ez zen arrisku handirik izan.

Eguzkiren 2. Mailako entrenatzaile Jon Arozenak azaldu modura, "nahiko eroso egon ginen bai baloiarekin eta baita defentsan ere".

Atsedenaldirako minutu gutxi geratzen zirela, egoerak itzulia izan zuen. Falta batean defentsak izandako akats batez baliatu zen Eskoriatza markagailua irekitzeko eta arazoak hasi ziren. "Partida maldan gora jarri zitzaigun," onartu du Eguzki ISUko prestatzaileak.

Zelaira itzultzean gainera, etxeko taldea ez zen "baloiarekin eroso ibili". Nahiz eta saiatu, talde hori-berdeak ez zuen baloia ongi mugitzea lortu. Defentsan ere arazoak izan zituen eta bi akats ongi aprobetxatu zituen Eskoriatzak baloia Eguzki ISUren sarera bidaltzeko. 

Errenta gutxitzen saiatu zen etxeko taldea, baina ezinezkoa egin zitzaion aurkariaren defentsa haustea. Azken emaitza, beraz, 0-3koa izan zen.

Talde gaztea
Denboraldi zaila izaten ari da Eguzki ISU Leihoak taldearentzat;  jokalari asko mailara egokitzen ari dira eta ondorioz, emaitzak ez dira onak –hiru partida irabazi eta hamar galdu dituzte–.

Arozenak nabarmendu duenez. Eguzki ISU Leihoak taldea jubenil mailatik igotako jokalari ugariz osatua dago: "Jende gazte asko dago taldean eta pixkanaka senior mailara egokitzen doaz, hasierako salto handi hori gaindituz. Gainera, COVIDaren ondorioz jubeniletan urte hoberenak galdu dituztela ere kontuan izan behar da".

Horrez gain, bigarren itzuli hasieran COVIDak eta lesioek eragin handia izan dutela eta  egoera zaildu dela onartu du entrenatzaileak: "Egia da bigarren itzuliaren lehen zati honetan COVID kasuak eta lesio garrantzitsuak medio, gauzak zaildu zaizkigula".

Alabaina, Eguzki ISU Leihoak taldeko kideek ez dute amore emango. Egoera gainditu eta jokalariak maila berrira moldatu ahala taldeak emaitzak hobetzea espero du entrenatzaileak: "Espero dut emaitzak bigarren zati honetan hobetzea".

Gaur,  21:00etan, 12. jardunaldian atzeratutako partida jokatuko dute. Aurkaria Ttakun AFE taldea izango da.

Hilaren 28an, ordea, hitzordu gogorrari aurre egin beharko dio. Lazkaora bidaiatuko da eta sailkapeneko buru dagoen Gaur Logistika Lazkao KKE izango du aurkari.

2. Mailako partida ez zen Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zen areto futbol partida bakarra izan. Gazteen mailako taldeak hilaren 23an, Zarautz KE A taldea izan zuen aurrez aurre. 

Partida borrokatua izan arren, gazteek ezin izan zituzten puntuak eskuratu. 2-3 gailendu zen Zarautz.

Gazteen taldea Ligako txapelketa jokatzen ari da eta taulan azken postuan da. Jardunaldi bakarra falta du lehen itzulia amaitzeko. Laskorainen aurka izango da neurketa, hilaren 29an.

Puntu bat gehiago

Sailkapenean hobe kokatua dago lehen mailako Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldea; hirugarren postuan da. Hilaren 21ean, Antiguoko Fontaneria Iribarre taldearen aurka jokatu zuen ligako bigarren itzuliko lehen jardunaldia eta launa berdindu zuen.

Joaneko partidan 2-3 galdu zuen Josu Lopez eta Mikel Escribanoren taldeak. Beraz, baliozko puntua lortu du sailkapeneko lehen postuetan finkatzeko. Egun 29 puntu ditu eta bigarren postuan den Oiartzun puntu batera du.

Hurrengo jardunaldian, hilaren 28an, Herrikiderekin neurtuko ditu indarrak Maialen Chourraut kiroldegian.