Buruntzaldea igeriketa taldeko prestatzaileak Borja Apeztegiak azaldu duenez, egoerak baldintzatu du aurten B mailan lehiatzeak: "Aurtengoan ezin izan dugu nahi bezala proba programa osoa bete. Horretaz gain gaixoaldiak eta bestelako egoerak gure artean ditugularik, hasieratik gure burua B koparako aurkeztu genuen, bertan lehiakortasuna handiagoa izango zelako guretzat eta gure igerilarientzat ere erakargarriagoa izango zelako".
Eta ez zuen iragarpenean hutsik egin. Txapelketa zirraragarria izan zen Buruntzaldea IKTko prestatzailearen hitzetan, "saioz saio sailkapena aldatzen zen, lehen hiruzpalau postuetan aurrera-atzera mugimenduak ematen zirelarik". Errelebo probak, esate baterako, "oso lehiatuak izan ziren guztiak, azken metrora arte amore eman gabe lehiatu behar diren horietakoak".
Beroketa ona
Igerilariek "ederki gozatu ahal izan zuten" eta horrek emaitzetan izan zuela nabarmendu du. Taldeko kideek 39 marka pertsonal eta taldeko bost marka hobetu zituzten eta. Zenbait igerilari gainera Euskal Herriko gutxienekoetatik gertu egon ziren eta igerilariek Kopa Gipuzkoako Txapelketarako beroketa modura hartu ahal izan dutela ere onartu du, "Gipuzkoako txapelketan gutxieneko horien bila joan daitezkeela ikusi ahal izan dute".
Marken artean, Nora Imazek lortutako taldeko 17 urteko lau errekorrak –200 m. lau estilo proba, 2.31, 31; 200 m. libre proba, 2.12,68; 400 m. libre proba, 4.37,15 eta 800 m. libre proban, 9.36,15– azpimarratu ditu Buruntzaldea IKTko kideak.
Era berean, June Lopez eta Haitz Mitxelenaren lana ere azpimarratu nahi izan ditu. Mitxelenak Master 25-29 mailako taldeko errekor berria ezarri zuen 200 m. lau estiloetan (2.27,43). "Taldearekin entrenatzen duen arren, bere entrenamendu erritmoa baxuagoa da jada, baina sekulako eredua izan zen lehiaketa osoan zehar," azaldu du.
Lopezen kasuan, "denboraldi bat igeriketatik eta lehiaketatik kanpo pasa behar izan duen arren, pixkanaka erritmoa hartzen joan da eta burututako bi probatan eta errelebuan bere marka onenetan aritzeko gai izan zen," aipatu du Buruntzaldea IKTko arduradunak.