Azkenaldian herrian gertatu diren lapurretak gaitzetsi dituzte dendari eta herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urtarrilaren 25a

Elkarretaratzea deitu du Aterpea elkarteak, Lasarte-Oriako establezimenduetan azken boladan gertatutako lapurretak salatzeko. Komertzianteez gain, herritarrek ere bat egin dute deialdiarekin eta elkartasuna adierazi diete kaltetuei

Adierazpen goibelak entzun zitezkeen gaur eguerdian Okendo plazan bildutako dendarien artean. Azkenaldiko lapurretak gaitzesteko batu dira. Negozioetako langileez gain, herritarrak ere bertaratu dira hitzordura, eta denek elkarrekin salatu dituzte aipatu gertaerak. Ramon Ormazabalek eta Miguek Angel Prietok hartu dute hitza Aterpea merkatarien elkartearen izenean; adierazpen bat irakurri dute, lehenak euskaraz, eta bigarrenak, aldiz, gaztelaniaz. 

Azken boladan Lasarte-Orian gertatu diren lapurretak izan dituzte hizpide, baina bereziki iragan asteburuan gertatutakoak. Ez gainerakoekin alderatuta bestelako bereizketarik egin nahian, azken horiek asko izan direlako baizik (hamar bat azaldu dutenez). Erabateko gaitzespena azaldu dute, eta babes gehiago eskatu diote udalari eta Eusko Jaurlaritzari: "Horrelako gertaerak ikertzeko baliabideak eskatzen dizkiegu, errudunak epailearen esku gera daitezen. Lapurretak salatu eta arbuiatzeaz gain, elkartasuna ere adierazi diete horiek jasan dituzten establezimenduen jabeei.

Kaltetuekin hizketan

Okendon egin duten elkarretaratze hori baliatu du TXINTXARRI-k asteburuan lapurreta jasan duen Orbela belar dendako Arantxa Otaegirekin hitz egiteko. Igande goizaldean lapurtu zuten aipatu komertzio horretan, eta bertako jabeak azaldu du "segurtasun eza" sortu diola gehien bat gertatutakoak: "Herri zentroan dago gure establezimendua eta beti pentsatzen duzu horrelako gertaerak sufritzea zailagoa izan daitekeela. Baina egun bizitzen ari garen egoerak ere erraztu dezake kaskoan ere lapurretak gertatzea". Azaldu du COVID-19ak eragindako osasun egoera dela eta tabernak 01:00etarako itxita daudenez, goizeko ordu txikietan kalean apenas dagoela mugimendurik, eta horrek horrelako ekintzak egiteko aukera gehiago sor ditzakeela". 

Eragin dioten kalte materialaz gain, seguruarekin ere atsekabea azaldu du Otaegik: "Lapurreta goizean goiz gertatu bazen ere, arratsaldera arte ez zuten inor bidali. Eurak izan dira ezinegon handiena eragin didatenak". 

Segurtasun lanetan ari direnak udaltzain eta Ertzainak aktiboago egon daitezen nahi du Otaegik. Hor jarri nahi izan du fokoa: "Agian, goizeko 03:00etatik 06:00etara zaintza indartu beharko da". Arazoaren muina, ordea, beste bat da belar dendako jabearentzat: "Lapurretan ari direnak behar bat asetzeko ari dira, eta arazo horri erreparatu behar zaiola uste dut, hori ere zaindu behar da".