Lasarte-Oriako udaltzaingoa "indartu eta modernizatzeko" eskatu dio Alejandro Saenz PPko ordezkariak. Horretarako, giza baliabide gehiago, baliabide material hobeak eta prebentzio jarduera zein protokolo eraginkorragoak eskatu ditu udaltzainentzat. Hala, Eusko Jaurlaritzari Ertzaintzaren presentzia handiagoa eskatzea ere galdegin dio. Azken asteetan herrian gertatzen ari diren lapurreten harira egin ditu eskaera horiek.
Aipatu du Lasarte-Orian "ohikoa" dela etxebizitzetan, denda, garaje eta ibilgailuetan lapurretak gertatzea; azpimarratu du azken aldian maizago gertatzen ari direla horrelakoak.
Azken urteotan, etxe atari eta igogailuetan, lapurreten berri emateko eta segurtasunarekin lotutako oharrak gogoratzeko Ertzaintzak jarritako afixak aipatu ditu: "“Ez da harritzekoa; izan ere, saltokietan kristal eta pertsiana hautsiak ikusi ditugu, eta haietatik atera da kutxako dirua, bai eta trastelekuetako eta lurpeko garajeetako sarraila behartuak ere, hain ikusgarriak ez izan arren, motozikletak, bizikletak eta era guztietako tresnak lapurtu dituztenak”.
Zumaburu auzoko drogeria batean gertatutako lapurretari egin dio azpimarra berezia. Jakinarazi du indarkeriaz egin dutela lapurreta, egun argiz. Gaineratu du ez dela horrelako egoera gertatzen den lehen aldia: “Segurtasuna gizakiaren eta gizarteen oinarrizko behar bat da, eta, alde horretatik, gobernu-taldeak, neurriak hartu behar ditu, gure herriko gaizkileen jarduera indartzen duen kontrol ezaren sentsazioarekin amaitzeko”.