Ohotza gainean etxebizitza oso bat antolatu du Tanttaka Teatroak: Sukaldea txoko batean, komunekoa dirudien ispilua, logela bateko besaulkia, eta etxe guztien bihotza den hori irudikatzeko sofa eta lanpara. Atzeko aldean, hormara begira dagoen aulki ilara eta haietako bakoitzean antzezlaneko pertsonaia guztiak, ilunpetan. Obra hasi eta haietako batzuk altxa dira aurrealdera etorriz, eszenatik irtetean, hasierako lekura bueltatzen joan dira denak.
Urtebetetze eguna du Brankok. 25 urte bete ditu, baina eguna ez da oso zoriontsua ez berarentzat ezta, bereziki, Mia, amarentzat. Endekapenezko gaitz bat du gazteak eta jada ez da ibiltzeko gai, gurpil aulkia behar du horretarako, eta Mia oso kezkatuta dago. Ez du, ordea, horretan pentsatzeko denbora gehiegi, adineko ama zaindu behar du, ibiltzera eta jatera behartu, ahaztu egiten baitzaio. Senarra uztera ausartzen ez den ahizpak ere kezkatzen du, maitemindu den alaba...
Etxeko txokoetan hainbat egoera elkar lotzen joango dira, batzuk, barregarriak, beste batzuk krudelak, hunkigarriak... Urtebetetze festa aukera izango baita noizbait garrantzitsua izan zen guztiari buruz hitz egiteko: oroimena, familia, denboraren iragaitea, ezberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, zoramena, gaixotasuna…