Hilaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako hezkuntzako protokolo berria aurkeztu zuen. Eskola Kirola egitasmoaren jardunean eragiten zuen neurrietako batek, eskola mailako txapelketak bertan behera uzteak. Bizkaiako, Arabako zein Gipuzkoako Foru Aldundiak, egitasmoko antolatzaile modura, neurria onartu zuten; alabaina, Gipuzkoako Foru Aldundiak, salbuespen bat egin zuen, hilaren 8-9ko asteburuan eskola lizentzia duten klubek antolatutako txapelketak baimendu zituen.
Aurkako ahotsak
Eusko Jaurlaritzak neurria jakinaraztearekin batera hasi ziren aurkako ahotsak argitara ateratzen. Kirol elkarte zein federazio ugarik oharrak kaleratu zituzten eta talde politikoek ere galdegin zuten Eusko Legebiltzarrean. Bultza Kirola Euskadi egitasmoak ere bere iritzia kaleratu zuen.
Hilaren 13an, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bat kaleratu zuen. Horretan gogoratzen zuen eskola mailako jarduera ez dela guztiz eten; entrenamenduak baimenduta daude.
Era berean, eremuko udal kirol teknikariei, Eskola Kirola kudeatzaileei, federazioei zein kirol elkarteei egindako galdeketaren berri ematen zuen –% 77ak uste du debeku neurria oso kaltegarria dela, edo ez daude ados–. Gipuzkoako Eskola Kirolaren Lurralde Kontseiluaren iritzia ere jakitera eman zuen.
Erakundeak Eskola Kirolaren inguruan orain arte hartutako neurriekin ados ez dagoela aditzera eman zuen, ezta indarrean direnekin ere. Hala eta guztiz ere, lehiaketen jarduna hilaren 28ra arte etenda egongo dela berretsi zuen. Beraz, hilaren 15-16 asteburuan aurreikusiak zeuden maila horretako jardunaldiak bertan behera geratu ziren.
Debekua altxatzea
Hilaren 17an, Gipuzkoako hamazazpi federaziok elkarrekin prentsaurrekoa eskaini zuten, eta debekua aste horretan altxatzea eskatu zuten.
Jaurlaritzaren erabakia "ulertezina" dela eta eskola mailako kirola eragozten duen erkidego bakarra Euskadi dela azaldu zuten.
Adostutako testuan adituen iritziaren aurkako neurria ere badela gogoratu dute: "Ez da inolako ebidentzia zientifikotan oinarritzen eta ez du inolako onurarik osasun egoera hobetzeko".
Eskaerak ez du erantzunik jaso. Beraz, maila horietako txapelketek oraingoz ez dute aurrera egingo.