Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Ttakun Kultur Elkartea, Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri-Garaikoetxea ikastetxeak eta bietako guraso elkarteak, Andre Joakina Enea haur-eskola, eta Muntteri-AEK lanean ari dira euskara familiartean indartsuago transmititu dadin. Hori lortzeko baliatzen dute GurasoLeku egitasmoa, haurrak ahalik eta euskal hiztun osatuenak egiteko helburuarekin. 2014-2015 ikasturtean abiarazi zuten eta urtetik urtera adin tartea handitzen joateaz gain –lehenengo urtean 2 urteko haurren familientzat izan ziren saioak eta gaur egun 0-5 urte artekoei zuzenduta daude–, izen emateek ere gorantz egin dute. "Pozgarria" da joera hori bultzatzaileentzat. 2021-2022 ikasturteko datuak ezagutarazi dituzte. Orotara, 181 familiak eman dute izena; horietatik hamabost GurasoLagunen ari dira; 42, GurasoTegin; eta 124, GurasoLandian. Horiek guztiek erakutsi dute familiartean euskaraz aritzeko borondatea.
Ikasturtea hastearekin batera jarri ohi da martxan izen emate epea, eta hala egin zuten aurten ere. Ikastetxeetan, irakasleek bideratuta jasotzen dute gurasoek ekimenaren berri, eta bertan banatzen zaien eskuorriaren bidez ematen dute izena. Ikasturteak aurrera egin ahala, urrian eta azaroan ere onartu zituzten inskripzio berriak, eta gaur-gaurkoz programa guztiak martxan dauden arren, oraindik ere badago horretarako aukera.
GurasoLagunen bidelariek eta bidelagunek bat egiten dute. Euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten gurasoak dira lehenak, eta euskaraz aritzen direnak bigarrenak. Elkarrekin euskaraz aritzeko hitzorduak partekatzen dituzte. Bina talde osatu dituzte ikasturte honetan; bat HH0-2 adin tarteko gurasoena, eta beste bat, berriz, HH3-5ekoena.
GurasoTegik, berriz, haurrak ikastetxean dauden bitartean gurasoei euskara eskolak hartzeko aukera eskaintzen die; euskaraz komunikatzeko oinarrizko gaitasunak lantzen dituzte. Programa horretan hiru talde osatu dituzte. Horietako bat goizez elkartzen da, eta beste biak arratsaldez.
GurasoLandia da hirugarren programa. Guraso eta seme-alabei zuzenduta dagoen aisialdia eskaintza da, eta bi helburu nagusi ditu: tarte atsegin bat igarotzea eta elkarrekin euskaraz arituz gozatzea. Bi adin tarte bereizi dituzte: 0-2 urte artekoena batetik, eta 2-5 urte bitartekoena, bestetik –sei talde ari dira parte hartzen azken horretan–. Txikienen taldeak dagoeneko hiru saiotan parte hartu du, eta 2-5 urtekoenak, aldiz, bigarrena egiten ari dira.
Programaren batean zein bestean parte hartzen ari diren gurasoak "gustura" ari direla nabarmendu dute antolatzaileek. Hala antzeman ahal izan dute hori, GurasoLandiako bi saioetan.
GurasoLandiako azken bi saioak
Abenduaren 10ean egin zuten GurasoLandiako bigarren saioa. Nerea Mendizabal aditua gonbidatu zuten gurasoekin bere ezagutza partekatzera. Solasaldia hasi aurretik, Jon Antxordoki zinegotziak ongietorria egin zien egitasmoan parte hartzera animatu ziren gurasoei. Euskarari familian tarte egiten dion aldetik, programak duen garrantzia nabarmendu zuen. Udaleko Euskara Sailak eta Ttakun Kultur Elkartearen hitzarmenean jasotako jarduera da.
Agurren ondoren, Mendizabalek hartu zuen hitza. Talde txikia osatu zela baliatuta, beraien behar edo nahietara moldatzeko borondatea adierazi zien hizlariak. Horretarako, zergatik bertaratu ziren eta zer ikasi nahi zuten galdetu zien. Banan bana erantzun zieten partaideek: frustrazioa kudeatzen jakitea, noiz debeku bati eutsi... Bakoitzak berea izendatu zuen. Eta guztientzat lagungarria zen zerbait ematen ahaleginduko zela argituta ekin zion saiori hezitzaileak.
Urtarrilekoan, berriz, jaioberrientzako lehen sorospen ikastaroa egin dute. Asteartean, hilaren 18, elkartu dira Antonio Mercero gunean eta Angel Vicentek Gurutze Gorriko ordezkariak gidatu du saioa. Haur baten balizko larrialdi edo istripu baten aurrean nola jokatu azaldu die aretoan bildutako gurasoei, eta bizipenak partekatzeko aukera ere izan dute. Hizlariak ekarritako panpina baten laguntzarekin jaso ahal izan dute ezagutza praktikoa ere.
