2021ean 292.893 bisita jaso ditu gure atari digitalak, hilero, batez beste, 24.407. Kontuan izan behar da abuztuan oporrak hartzen dituela lantaldeak, eta erritmoa nabarmen jaisten dela. Hortaz, azpimarratzeko moduko datuak dira. 49.517 erabiltzailek nabigatu dute webguneko edukietan barrena, eta 118.296 saio hasi dituzte; horietako bakoitzak, batez beste, 2,39ri ekin die, eta 2,48 orrialde bisitatu ditu ordenagailu, sakelako telefono edo tableta hartu duen bakoitzean. Bi minutu eta 42 segundo igaro ditu birtualki gurekin, batez beste.
Esan bezala, TXINTXARRI-ren webguneko trafikoa inoiz baino altuagoa izan zen 2020an, eta 2021eko zifrak ez dira urrun geratu: saioak jaitsi dira gehien, %7, eta bisitak, %4. Kontrara, irakurleek orrialde gehiagotan zehar nabigatu dute saio bakoitzeko (2,39 2020an, eta 2,48 2021ean), eta luzeagoak izan dira irakurraldi horiek: bederatzi segundo luzeagoak, zehazki. Erabiltzaile kopuruari dagokionez, ia aldaketarik ez (49.602 duela bi urte, eta 49.517 iaz). Hortaz, hauxe da lantaldeak atera duen ondorioetako bat: 2020ko igoera izugarri hori egonkortzea lortu duela. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hasi berri dugun urterako erronka izango da 2023ko urtarrilean argitaratuko dugun artikuluan egonkortu hitza erabiltzea, eta ahal dela, hazi edo gainditu. Horretarako, jakina, zuen konfiantza ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere.
Bost urtean, bikoiztu
Atari digitaleko datuak perspektiba zabalago batetik aztertze aldera, azken bost urteetako bilakaerari erreparatu diogu. Artikulua ilustratzeko erabili dugun grafikoan ikus dezakezuenez, nabarmena da zifra eta ehunekoen gorakada 2017tik 2021era. Adierazle batzuk nabarmentze aldera: bisitak %109 hazi dira; erabiltzaileak, %98; eta saioak, %88.
Tokiko informazioa jasotzeko moduak aldatzen ari dira, atari digitalek gero eta garrantzi handiagoa dute eta TXINTXARRI-ren webgunea ez da salbuespena, datuek erakusten dutenez.
2021eko eduki ikusienak
Iaz 1.282 artikulu idatzi genituen, 241 argazki galeria egin eta 160 bideo grabatu. Eduki horietatik ikusienak zeintzuk diren errepasatu dugu, eta bisita gehien jaso dituzten hamarrak zerrendatu. Ranking horretan jaso ditugun artikuluen %40 familia ereduei buruz maiatzean eta ekainean egin genuen erreportaje sortakoak dira. Beraz, jakin-min izugarria piztu du irakurleengan lanketa berezi horrek.
El Conquistador del Caribe telesailaren oihartzun mediatikoak isla izan du baita ere, iaz bi herritarrek parte hartu baitzuten, Mikel Arruti eta Leire Mayozek. Ttakun Kultur Elkarteak pasa diren Egubierretarako antolatutako egitaraua, Arrapide pasealekuko trafikoko araudi berria, Maialen Chourraut piraguistari herritarrek egin zioten ongietorria, Ttakunen txokoen eta udalekuen 30. urteurrena eta Buruntzako gurutzearen eraistea izan dira beste gai interesgarri batzuk.