Batzoki ondoan agertutako pintada salatu du Lasarte-Oriako EAJ-PNVk. Pablo Mutiozabal kalean dago alderdiaren elkartera sarbidea eta atari horren ondoan agertu da, asteazkenean, urtarrilaren 19an.
Alderdiak txinxtarri-ri bidalitako ohar batean azaldu du beti arbuiatu dituztela horrelako ekintzak, eta gaineratu horrelako jokabideek alderdiari zein bere elkarteari erasotzeaz gain, edozein jarduera politikorekin zerikusirik ez duten pertsonen ondareari ere kalte egiten diela.
Urte askotan nagusi izan diren gisa horretako ekintzak behingoz desagertzea gustatuko litzaioke EAJri: "Nekagarriak dira ekintza horiek, eta are gehiago, bizitzen ari garen garai honetan".
Udal taldearen bidez horrelako ekintzak gaitzesteko udal Bake eta Bizikidetza Mahaian protokolo bat osatzeko eskaera egin du alderdi jeltzaleak eta azaldu dutenez aho batez onartua izan da. EAJ-PNVak, berriz, bizikidetzaren, errespetuaren eta iritzi aniztasunaren alde lanean jarraituko duela ziurtatu du.