Ostadar Boleibola saileko taldeek urteko lehen partidan zorterik ez dute izan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 20a, 11:00
Ostadarreko jokalariak aurkariaren erasoa oztopatu nahian.

Urteko lehen partidei aurre egin zieten Ostadar Boleibola saileko senior zein jubenil taldeek. Maialen Chourraut kiroldegian zein Zarautzeko Lizardi BHIn jokatutako partidetan aurkaria gailendu zen arren, jubenil mailako taldeko kideek ederki egin zion aurre Lizardiri

Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldiaz gozatu ahal izan zuten boleibol zaleek hilaren 15ean, Maialen Chourraut kiroldegian. 
Ostadar SKT eta Arizan Gallartaren Ahotsa taldeen arteko partida jokatu zen.

Asier Acuriolak zuzentzen dituen jokalariek ezin izan zieten  bizkaitarren sake eta erasoei ongi aurre egin eta 0-3ko (18-25, 10-25 eta 14-25) markagailuarekin  amaitu zen partida.

Hilaren 22an eta 23an, hitzordu bikoitza izango du taldeak. Aixerrota eta Navarvoley taldeen aurka. Bigarren partida etxean jokatuko du, 11:00etan.

Jubenil taldeak urte berriarekin batera Gipuzkoako txapelketako lehia hasi du. Lehen jardunaldia Lizardi taldearen aurka jokatu zuen. Partida borrokatua izan arren, 3-0 (25-21, 26-24 eta 25-19) gailendu zen aurkaria.

Hurrengo jardunaldia hilaren 29-30 asteburuan jokatuko dute Hernaniko mutilen taldearen aurka.

Kadeteak zain

Kadete mailako taldea, ordea, Gipuzkoako txapelketa noiz hasi zain dago. Hilaren 15ean aurreikusia bazegoen ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako COVID-19aren aurkako azken neurriek Eskola Kiroleko lehiaketak hilaren 28ra arte eten ditu. Ondorioaz hilaren 29ko asteburura atzeratu dute txapelketaren hasiera. Ostadarrek A multzoan lehiatuko da.