Danbor hotsak entzun dira aurten ere

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 19a, 16:37

Iaz bezala COVID-19aren pandemiak eragindako egoerara moldatu behar izan dituzte ikastetxeetako danborradak. Osasun egoerak hala behartuta, gurasoek ezin izan dute seme-alaben erakustaldia ikustera joan. Dena den, gogoz astindu dituzte danborrak ikasle gazteek eta San Sebastian bezpera behar bezala ospatuta amaitu dute eskola eguna

Donostiako martxa, Iriyarena, Tatiago, Lasarte-Oriaren zein Realaren ereserkiak ... San Sebastian egunaren bezpera da gaur, urtarrilak 19, eta koronabirusak eragindako pandemiagatik ezohikoa izaten ari bada ere, herriko ikastetxeek eutsi diote urteroko ohiturari. Danborradak egin dituzte, giro atseginean. 

Danbor eta kolore zuri-urdineko apaingarriak soinean egin dituzte danborrada saioak. Ikastetxeetako patioan elkartu dira denak, nahiz eta txandaka irten diren pilaketak saihesteko. Bozgorailuetatik ozen entzun ahal izan dituzte aurrez aipatutako doinu ezagunak, eta txukun-txukun segi danbor nagusien jarraipenak. Gogoz astindu dituzte danborrak eta ospakizun ederra eginda amaitu dute eskola eguna. 

Oharra: Landaberri LHko danborradara iristeko denborarik ez du izan TXINTXARRI-k. Halere, ikastetxeak bere argazkiak helaraziko dizkio aldizkariari eta horiek jaso bezain laster argitaratuko ditu web atari honetan.