Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeen garaipena Euskal Ligan eta 16 urtez azpikoa mailan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 19a, 14:45
Michelin Kirol gunean, berriz ere, Euskal Ligako partidaz gozatu ahal izan zen igandean. Arg.: Txema Valles.

Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak eta Uribealdea B taldeen arteko norgehiagoka bigarren zatian erabaki zen, bizkaitarren jokalari baten ezbeharren ondorioz. 16 urtez azpiko taldeak ere La Unica garaitu du Iruñean jokatutako partida borrokatuan. Ohorezko Mailako taldeak, ordea, ezin izan zuen Eibar RTren aurkako neurketa jokatu zelaia izoztua zegoen eta

Aurpegi ezagunez beteta atera zen Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldea Michelingo kirol guneko zelaira hilaren 16ko hitzorduan. Hamabostekoan eta aulkian hainbat herritar izan ziren; aurrean, berriz, Uribealdea RKE B taldea.

Lehen zatia borrokatua izan zen. Nahiz eta ongi jokatu, etxeko taldeari kosta egin zitzaion lehen entsegua egitea. Hamabigarren minutuan Jokin Belokik ireki zuen markagailua.

Mungiarrak ez ziren atzean geratu eta beltzen erasoak zapuzteaz gain, zigor kolpe bati esker gerturatzea lortu zuten. 

Etxeko taldea, ordea, ez zen buru makur geratu eta 36. minutuan Alain Cuyamik entsegu egin eta Julen Espinosak gauzatu zuen. Atsedenaldira lasai joan ziren, beraz, beltzak 12-3ko markagailuarekin.

Bigarren zatian, aulkia erabakigarria izan zen. Bizkaitarrek ez zuten ordezko jokalaririk izan eta jokoan jokalarietako batek min hartu zuen. Ondorioz, bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuten eta horrek etxeko taldearen nagusitasuna ekarri zuen. Entsegu eta gauzatze ugari egin zituzten eta neurketa amaitzean, 53-3koa zen markagailuan.

Gaztetxoen garaipena

Hilaren 22an ere, errugbi partidaz gozatzeko aukera izango da Michelin kirol gunean. Oraingoan 16 urtez azpiko Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RT eta AVK Bera Bera taldeen arteko lehia izango da. 11:40ean hasiko da neurketa.

Beltzak La Unica garaitzetik datoz. Hilaren 15ean, Iruñean 21-34 gailendu zen Gesalaga Zarautz Beltzak RTren 16 urtez azpiko taldea. Egutegiaren arabera atseden asteburu izan arren, seigarren jardunaldian atzeratu beharreko neurketa jokatu zuten gaztetxoen taldeek. 

Partida borrokatu behar izan zuten beltzek. Aurkaria 14-0 aurreratu arren, ederki erantzun zuten Zarautz Beltzak taldeko gaztetxoek. 14-12 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia ongi hasi zen. Beltzek entsegu bat egin zuten aurkaria aurreratuz, baina Iruñeako taldea ez zen atzean geratu; entsegu eta gauzatzea egin zuten. 

Zarautz Beltzak taldeko kideek azkar batean partidaren kontrola bereganatu eta La Unica ezin izan zen berriro marrara iritsi.Beltzek, ordea, hiru entsegu eta gauzatze bat lortu zituzten. Azken emaitza 21-34 izan zen.

Partida atzeratua

Ohorezko Mailako taldeak, ordea,  ez zuen partidarik jokatzerik izan. Eibar RTren aurkako neurketa Eibarko Unbe zelaian lehiatu behar zen. Azken egunetako hotza dela eta, zelaia izoztuta zegoen partida hasi behar zuen orduan. 

Epaileek ordu betez itxarotea erabaki zuten zelaiaren egoerak hobera egingo zuenaren esperantzarekin; alabaina, bere horretan jarraitu zuen eta partida bertan behera geratu zen. 

Norgehiagokaren data berriaren zain, ligako lehen faseko azken jardunaldiari aurre egin beharko dio hilaren 22an Ohorezko Mailako taldeak.
Oraingoan ere gipuzkoarren arteko lehia izango da, gainera. Hernani CRE izango du aurrez aurre, Astiko zelaian.