Intzako bikoteek joko ona erakutsi zuten Udaberri txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 18a, 15:00
Intzako kadeteek Udaberri txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten.

Intza Pilota Elkarteko jubenil zein kadete bikoteek Udaberri txapelketako partidak jokatu zituzten. Nahiz eta bi bikoteak sendo jardun, emaitzak ezberdinak izan ziren. Jubenilek garaipena erdietsi zuten; kadeteek, berriz,  Aloña Mendiren aurka galdu zuten

2. Mailako Jubenilek Zaldibian jokatu zuten 2022 urteko Udaberri lehiaketako neurketa. Lehen jardunaldian Gaztelupe izan zuten aurkari eta 12-22 gailendu zen Lasarte-Oriako bikotea.

Jose Felix Solano prestatzailearen hitzetan, partida zaila izan behar zuen arren, Haritza Diaz de Guereñuk eta Peru Urdanpilletak partida osoa jokatu zuten. "Intzako bikoteak egindako jokoari esker, partida erraz irabazi zuen," adierazi du Intzako entrenatzaileak.
Garaipenari esker, jubenil mailako bikotea sailkapeneko buru jarri da Hernanirekin batera. Hala ere, martxora arte jokatuko da txapelketa eta partidaz partida joango da bikotea. 

Intxurre izango du aurrez aurre txapelketako hurrengo jardunaldian. Hitzordua Michelingo kirol gunean izango da hilaren 22an, 16:15ean.

Azken tantoen garrantzia

Michelingo Kirol Gunean, ordea, bestelakoa izan zen azken emaitza; 2. Mailako kadeteek 18-22 galdu zuten.

Partida luze eta gogorra jokatu zuten Beñat Olazabalek eta Xuban Urdalletak Aloña Mendiko Guridi-Madinabeitia bikotearen aurka. Etxeko bikotea ederki jardun zen partidan zehar; alabaina, Oñatiko bikotea ziurrago jokatu zen azken tantoetan eta horrek partida irabaztea ekarri zuen.

Emaitza aurkako izan arren, Intzak bere multzoan sailkapeneko bigarren postuan dago Aloña Mendi 1 eta Intxurre elkarteetako bikoteekin berdindua. Hurrengo neurketa hilaren 21ean jokatuko du Bergararen aurka.