ESKUALDEA

Danborradako jantziekin osatutako erakusketa ireki du Urbil merkatalguneak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 18a, 12:07

Donostiako Larramendi ikastetxeko danborrada jantziak erakutsiko ditu Urbil merkatalguneak asteon, hilaren 22ra arte, larunbata, egun hori barne. Erakusketa goiko solairuan zabaldu dute, "gipuzkoar askorentzat hain berezia den eguna modu sinbolikoan ospatzeko".

Danborrada egun berezia da Urbil merkatalgunearentzat, baina ezingo du ohi bezala ospatu: pandemiaren aurretik, Larramendiko lagunek bertan jotzen zuten. Aurten 25 urte bete ditu ikastetxeak, eta horri keinua egiteko, bertako ikasleek erabiltzen dituzten jantzien erakusketa prestatu dute, eta baita aitortza egin ere: konpainiari zapi brodatu eta pin bana eman dizkie. Herritarrek larunbatera arte ikusi ahalko dute esposizioa.

Bestalde, Urbilek jakinarazi du urtarrilaren 20an zabalik egongo direla merkatalguneko establezimenduak, Donostian jaieguna izan arren.