Integrazioaren aldeko Ipar Martxa ikastaroak antolatuko ditu Ostadar SKTk

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 18a, 12:30
Irudian, Ostadar Ipar Martxa eta Ostadar Inklusioa sailetako irakasleak. Arg.: Ostadar Ipar Martxa.

Ostadar SKTko Ipar Martxa eta Kirol Egokituko sailek elkarlanean ikusmen murriztua duten pertsonei zuzendutako Ipar Martxako ikastaroa prestatzen ari dira. 

Jarduera Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteko kideei zuzendua dago eta bi saio egingo dituzte bata Arrasaten hilaren 28an eta bestea Donostian 29an. 

Ikastaroa aurrera eramateko kirol elkarteak gida lanak egiten laguntzen dituen NW Blind gailuak erosi ditu eta horiekin egingo dute lan.

Ikastaroaz gain, Ipar Martxa taldeak integrazioren alde lanean jarraituko duela jakitera eman du eta berriki erositako gailuei esker, ikusmen murriztua edo pertsona itsuak taldearen astereko entrenamenduetara batu daitezkeela jakitera eman du.

Horregatik Lasarte-Oriako zein inguruko herrietako lagunei gonbita egiten die taldearen saioetan parte hartzera.