Alex Saleta: "Lasarte-Oriako errugbiarentzat saria lortu izana oso garrantzitsua dela uste dut"

Nerea Eizagirre 2022ko urt. 14a, 14:30
Alex Saleta Aviron Bayonnaisekin jolasean. Arg.: Aviron Bayonnais.

Alex Saleta Atorrasagasti (Lasarte-Oria, 2001) errugbi jokalaria Beltzak RT taldean eman zituen bere lehen pausoak. 18 urterekin Zarautz Errugbi taldean jokatu zuen, Ohorezko Mailan, eta 2020. urtetik Baionako Aviron Bayonnais taldeko etorkizun taldearekin hasi zen lanean. Denboraldi ederra egiten ari da eta Lasarte-Oriako kirolari onenaren saria eman berri diote

Zergatik erabaki zenuen Frantziara joatea?

Frantzian errugbia maila profesionalean jokatzen da. Munduan dauden jokalaririk onenak hemengo ligan ari dira lehian. Pixkanaka esperientzia hartu eta profesional mailara iristea da helburua.

Nola sortu zen Aviron Bayonnais taldera joateko aukera?

Avironek Espainiako selekzioan jokatzen nuelako ezagutzen ninduen. Itxialdian haiekin elkarrizketa bat eduki nuen eta apustua egin zuten. Bi urteko kontratua sinatu nuen espoir edo etorkizuneko taldean jokatzeko.

Lehen denboraldia ez zen erraza izan...

COVID-19a alde batera utzita, aurreko denboraldian lesio ugari izan nituen eta zaila izan zen jokatzea. Aurten hobeto nabil eta bi partida kenduta titularra izan naiz gainontzekoetan.

Taldea sailkapeneko lehen postuetan dago. Ligako play-offa duzue buruan?

Azken hiru partidetara arte sailkapeneko bigarren postuan izan gara. Hiru partida galdu ditugu jarraian eta bosgarren postura jaitsi gara. Baina lau puntutan hiru talde gaude.

Hala ere, aukera asko ditugu play-offean egoteko. Taldea ongi dago. Oraintxe min hartuta zeuden jokalari asko itzuli dira lanera. 

Gainera, partida bakarra atzeratu behar izan dugu aurten. Entrenatzaileak eman zuen positibo. Beraz,  zorionez, partida ia guztiak jokatu ditugu, arazorik gabe.

Zortea gure alde badago, lehen postuengatik borrokatzeko taldea dugu.

Horrez gain, 20 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa jokatu eta garaikurra lortu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Zaila izan zen. Jokatu ahala antolatzen ginen, partidaz partida. Ez genuen elkar ondo ezagutzen. Jokaldiak eta ondo prestatzeko norgehiagoken arteko entrenamenduak izan genituen bakarrik.

Pandemia dela eta, txapelketa prestatzeko aukera askorik ez zenuten izan, ezta?

Ez, ez dugu elkartzeko aukera askorik izan. Txapelketa aurretik irailean astebeteko topaketa egin genuen Valladoliden neurri guztiak jarraituta. Eta txapelketarako astebete falta zela elkartu ginen berriro. Egun pare bat entrenatu eta zuzenean Portugalera joan ginen, Coimbrara, lehiatzera.

Finalean etxeko taldea eta aurreko bi urteetako txapelduna izan zenuten aurrez aurre. Partida zaila izan zen?

Finala izan zen erasoan zein defentsan jokatu genuen partidarik hoberena, ziurrenik. Baina zorte txarra izan genuen azken bost minutuetara arte. 
Markagailuan puntu bateko tartea genuen bakarrik bigarren zatian eta zortez entsegua egitea lortu genuen. Baina ordura arte partida zaila izan zen, txapelketako beste guztien antzera.

Gainera, harmailak euren zaleez beteta zeuden; guk familiako kide eta lagun batzuk eraman genituen... Eta portuges asko animatzen zuten; harmaila bero zegoen. Beraz, norgehiagoka zaila izan zen, zentzu guztietan.

Garaipeneko entsegua lortzeko azken pasea eman zenuen...

Bai, horrela da. Baina beno, ez diot garrantzia handirik ematen horri.

Hilabete gutxira beste Europako Txapelketa bat jokatuko du 20 urtez azpiko taldeak. Lehiatzea espero duzu?

Bai, horrela da. Baina nik, adinarengatik, absolutu mailara egingo dut jauzia.Kategoria horretan nire postuan maila profesionalean lehian ari diren jokalari oso onak daude. Beraz, oraintxe bertan ez dut hori buruan.

2021. urtean egindako lanarengatik, Lasarte-Oriako Kirolari onenaren saria jaso zenuen abenduan egin zen Lasarte-Oriako Kirolaren Galan. Zer sentitu zenuen?

Asko poztu nintzen saritua izan nintzela jakitean. Gainera, ekitaldia oso berezia izan zen niretzat. Lehen aldia zen gala Manuel Lekuona Kultur Etxean egiten zena eta lagunak eta senideak egon ahal izan ziren bertan. 

Horrez gain, Lasarte-Oriako errugbiarentzat sari hau lortu izana oso garrantzitsua dela uste dut.

Denboraldi amaieran Aviron Bayonnais taldearekin duzun bi urteko kontratua amaituko da. Baionan jarraitzeko asmoa duzu?

Ezin daiteke inoiz jakin. Nik Baionan jarraitu nahi dut, gustura nago eta klubarekin harreman onak ditut. Oraindik goiz da zer edo zer jakiteko.