Ostadar SKTko Ohorezko Kadete taldeak Beasain garaitu zuen urteko lehen partidan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 14a, 11:15
Ostadar SKT eta Beasain taldeetako jokolariak borrokan.

Futbol denboraldia aurrera doa Gabonetako oporren ostean, herriko futbol elkarteetako talde batzuk igoera zein kopa lehiaketak hasi dituzte; besteak liga jardunaldia izan zuten. Ostadar SKTko Ohorezko Kadete taldeak, esate baterako, 16. jardunaldia jokatu zuen Beasainen aurka

Ostadar SKTko Ohorezko Kadete Mailako taldeak hilaren 8an ligako jardunaldia lehiatu zuen, Michelin kirol guneko zelaian; Beasain izan zuen aurkari. Talde urdin-beltzak (1-0) gailentzea lortu zuen eta sailkapenerako puntu baliagarriak eskuratu zituen.

Igor Astiazaranek zuzentzen duen taldeak lehen fasea amaitzeko sei jardunaldi falta ditu eta sailkapeneko bosgarren postuan da. Lehen lau sailkatuek igoera fasea jokatuko dute eta azken partida hauetan gora egiten saiatuko da Ostadar.

Lehen hitzordu garrantzitsua hilaren 16an, igandearekin izango dute. Sailkapeneko bigarren postuan den Antiguokoren aurka jokatuko dute urdin-beltzek.

Igoera edo kopa

Gainerako mailetan ere denboraldia aurrera doa eta taldeetako batzuek dagoeneko igoera zein Kopako lehen jardunaldia jokatu zuten hilaren 8an eta 9an.
Igoera fasea lehiatuko dute Ostadar SKTko 1. Erregionalak eta Texas Lasartearra taldeko kadeteek. Ostadar SKTko Jubenil 1. Mailako eta Kadete 1. Mailako taldeak, berriz, Kopa txapelketan ari dira.