Manuel Yeregi: "Burdinarekin lan egin dut beti; egurra goxoagoa da"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 14a, 08:45

Zurmailuko kideetako bat da Manuel Yeregi lasarteoriatarra, lehendakari ere izandakoa, berriki, bi urtez. Harengana jo du TXINTXARRI-k elkartearen jardunari eta zura lantzeari buruz gehiago jakiteko. 

Zabaleta auzoko Larre tabernan hartu du kazetaria: pazientziaz eta pozarren erakutsi dizkio azken 7-8 urteetan egindako lanak. Pablo Picasso margolari ezagunaren Guernica koadroaren moldaketa ikusgarria da horietako bat, astigarraren egurrarekin egina: Antonio Merceroko erakusketara eraman duen lanetako bat da. Ondoren, Larreko jangela zeneko atea ireki, eta lan ugari erakutsi ditu: Txirrita eta Bilintx bertsolarien erretratuak, intxaurrondoarekin eginak 
–zuhaitz horren egurrak kolore ilunagoa duela azaldu du Yeregik; pagoa, haritza eta astigarra ere erabili izan ditu, besteak beste–; eguzkilore eder bat; eta baita sutondo bat ere, herritarren lan kuttunenetako bat. "200 bat ordutan egin nuen lan hori; halakoak inori kobratzerik ez dago, eta zenbait gertukoei oparitzen dizkiet". 

Duela 7-8 urte ekin zion Yeregik zura lantzeari, erretiroa hartu zuenean. "Burdinarekin lan egin dut beti, eta egurra goxoagoa da". Alabaren etxeko obretan laguntzen eta Larre taberna kudeatzen ari denez, denbora gehiegirik ez du egurra lantzeko, baina astean pare bat orduz behintzat aritzen da. Horrez gain, astean behin Zurmailuko gainerako kideekin elkartzen da udalak Kale Nagusian utzitako lokalean, eta Jon Ormazabal maisu villabonatarraren jarraibideak entzuten ditu, "10-12 bat minutuz". Azpimarratu du "oso gustura" aritzen direla maisuarekin, baina hark ezin duela denbora gehiagoz jardun ikasle bakoitzarekin, astean sei orduko saio bat egiten dutelako eta hogei bat pertsona elkartzen direlako. "Herritar batzuek sartu nahi dute elkartean, baina ezetz esan diegu oraingoz, irakaslearekin ezin dugulako are denbora gutxiago igaro bakoitzak".

Horrez gain, azkenaldian arazoak izan dituzte lokalarekin, teilatua ez dagoelako egoera onean eta itoginak izan dituztelako, euriteak direla kausa. Udalarekin harremanetan daude, eta tokiz aldatzea espero dute.