Erakusketa ederra osatu dute Zurmailu elkarteko kideek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 14a, 09:00

Antonio Mercero aretoko eskailerak igo eta berehala, hainbat zentzumen jarriko zaizkie martxan Zurmailuren erakusketaz gozatzera joaten diren herritarrei: batetik, ikusmena, egurrez egindako 60 lan eder baino gehiago izango dituztelako begien aurrean; eta, bestetik, usaimena, zenbait zuhaitzetatik ateratako zur naturala erabili dutelako zurlanketa elkarteko kide diren artisauek. Maskara derrigorrez jantzita eraman behar izan duten arren, protagonistei atzematen zitzaien irribarre zabala, hainbat hilabetez egindakoa erakusteko eguna iritsi denaren satisfazioak eraginda. 

Erakusketa urtarrilaren 23ra arte egongo da zabalik, igandez, egun hori barne. Astegunetan bertaratu nahi dutenek 18:00etatik 20:00etara izango dute aukera; asteburuetan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara. Sarrera doakoa da.