Urte hasiera zaila Junior Errendimendu eta Kadete Partaidetza taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 13a, 14:15
Kadete partaidetza taldeko jokalariak erasoan.

Ostadas Saskibaloi ataleko Junior Errendimendu eta Kadete Partaidetza taldeek hitzordu garrantzitsu eta zailei aurre egin behar izan zieten asteburuan. Junior Errendimendu taldeak Euskal Ligarako igoera fasea jokatu zuen. Kadete Partaidetza taldeak, berriz, hitzordu bikoitza izan zuen sailkapeneko lehen postuko bi talderen aurka

Ostadar Saskibaloi taldeko Junior Errendimendu taldeak Euskal Ligarako igoera fasea jokatu zuen urtarrilaren 8an eta 9an, Zarautzen. Urdin-beltzez gain, beste hiru taldek jokatu zuten igoera: Goierri UZ Baleike, Zarautz ZKE eta BKL Esparru. Lasarte-Oriako taldeak ezin izan zuen final-erdia gainditu; Zarautz ZKE izan zen bere arerio, gerora finala irabazi zuen taldea.

Lehen laurdenak baldintzatu zuen partida guztia.Hiruko jaurtiketei esker, markagailuan 8-0 aurre hartu zuen Zarautz ZKEk. Baina Endika Marrahik zuzentzen duen taldeak ez zuen amore eman eta gerturatzea lortu zuen 8-6. Zarautzek ordea ez zuen berriro akatsik egingo eta 23-9 amaitu zen lehen laurdena.

Bigarren laurdenean ongi eutsi zion talde urdin-beltzak Zarautzen erasoei eta aurkariak zortzi puntu besterik ez zituen egin. Ostadarrek ordea aukerak ongi baliatu zituen hamabost puntu lortu eta laurdena irabazteko.Hala ere, atsedenaldira bost puntuko aldea zegoen.

Atsedenaldiaren osteko lehen minutuetan laurden borrokatua izango zela zirudien arren,  Zarautzek bere erritmoa ezarri eta zortzi puntu jarraian egin zituen. Ostadarrek laurdeneko azken minutueran ederki erantzun zuen eta pertsonal jaurtiketen bidez aldea txikitzea lortu zuen.

Azken laurdenean ere dinamika mantendu zen; Endika Marrahiren taldea ordea, ez zen fin ibili jaurtiketa puntutik eta hiruko batekin Zarautzek finalerako txartela eraman zuen, 58-40. 

Bi partida

Maialen Chourraut kiroldegian, berriz, 2. senior taldeak ez zuen partidarik jokatzerik izan;  kadete partaidetza taldeak ordea, hitzordu bikoitza izan zuen –zegokion jardunaldiko partida eta abenduan atzeratutako partida–. Sailkapeneko lehen postuetan dauden Atletico San Sebastian Aia eta Ordizia talderen aurkako partidak ziren eta lesioak eta berrogeialdiak direla medio, kadete taldeak ezin izan zien egoera onean aurre egin. 

Lehen partida hilaren 8an jokatu zuten Maialen Chourraut kiroldegian Atletico San Sebastian Aia taldearen aurka.

Lehenengo bi laurdenetan saskiratze gutxi izan zen. Atleticok defentsan presio handia egin zuen eta etxeko taldeak ezin izan zuen baloia ongi mugitu.

Donostiako taldea ere ez zen fin ibili saskiaren azpian eta atsedenaldira zazpi puntuko aldea zegoen.

Nahiz eta hirugarren laurdenean dinamika hori mantendu, azkenengo laurdenean partida apurtu zuen Atleticok.Kontraerasoei esker, azkenengo hamar minutuetan lehenengo erdian baino puntu gehiago lortu zituen eta partida bereganatu zuen. Azken emaitza 22-45 izan zen.

Hilaren 9an, berriz, sailkapeneko buru dagoen Ordizia izan zuten aurrez aurre.  

Bi taldeak jokalari gutxirekin aurkeztu ziren hitzordura. Baina Aitor Las Ostadarreko kadete taldeko entrenatzaileak azaldu modura: "Kontrolatu zuten partida, bai taktikoki –zonan egindako presioari esker, kontrako punturik gabe lortu zuten lehenengo laurdena amaitzea–, bai fisikoki –erreboteetan nagusi izan ziren altuera eta indar aldearengatik– eta teknikoki". Ondorioz, aurkariak arazo gutxi izan zituen lehenengo erdian partida erabakita uzteko, 46-3. 

Bigarren erdian ordea, Ostadarreko jokalariak esnatu eta gogoz egindako defentsari esker, Ordiziakoen eraso konplexuari aurre egiten zioten baloia lapurtuz. Azken emaitza  67-14 izan zen.

Kadete partaidetzako prestatzaile Aitor Lasek adierazi duenez, "Partida zailak izan ditugu asteburuan. Nahiz eta puntualki detaile positiboak erakutsi, argi ikusi da lehenengo fasean geratzen zaizkigun partidei begira asko dugula lantzeko".