Alebinak ederki jardun ziren Ligako jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 13a, 12:30

Eguraldia eta pandemia medio, Alebin Ligako 3. jardunaldia jokatuko ez zela zirudien arren, proba hilaren 8an lehiatu zen Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan. Buruntzaldea IKTko alebinek ildo onean lanean ari direla erakutsi zuten. Asteburu honetako jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiaren menpe dago

Neurri berriak eta igerilari ugari konfinatuta egonda ere Alebinen 3. Ligako jardunaldiak aurrera egin zuen hilaren 8an.

Abenduaren 11n lehiatzekoa zen lehenik jardunaldia. Baina saioa bertan behera geratu zen orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak eguraldia dela eta alerta laranja ezarri baitzuen. Urtarrilaren 4an, berriz, Eusko Jaurlaritzak COVIDaren aurkako Hezkuntzako protokolo berria aurkeztu zuen eta bertan Eskola Kiroleko lehiaketak bertan behera geratzen zirela zioen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, eskola-lizentzia duten kluben Eskola Kiroleko jarduera baimendu zuen hilaren 8-9ko asteburuan. 

Horri esker, Buruntzaldea IKTk proba antolatu ahal izan zuen baina edukiera murrizketa berriek eta parte-hartzaileen baja kopuru handiak markatutako jardunaldia izan zen, batez ere igerilarien konfinamenduen ondorioz.

Gaztetxoek 200 m. bizkar eta 100 m. tximeleta probak lehiatu zituzten eta saiori amaiera emateko mutilen 4x100 m. estilo libreko erreleboa izan zen.

Buruntzaldea IKTko zazpi gazte lehiatu ziren – 4 mutil eta 3 neska– eta euren probetako lehen postuetan egon ziren egindako lana ildo onetik doala erakutsiz.

Borja Apeztegiak taldeko prestatzaileak adierazi duenez, "bizkar estiloko 200 metroak bezalako proba zail baten aurrean, batere beldurrik gabe eta ausardiaz egin zuten igeri". 

Tximeleta estiloko 100 metroko proban denek erraztasun handiz igeri egin zutela ere nabarmendu du: "Hasiera batean nolabaiteko errespetua eman ohi duen proba beldurrik gabe erasoz eta teknika egoki baten bidez aurrera ateratzen dakitela erakutsi zuten".

4x100 m. erreleboan parte hartu zuten mutilen lana ere azpimarratu du: "Aurretik ahalegin handiko bi proba egin zituztela jakinda, aitortu behar dugu benetan lan ona egin zutela".

Jardunaldia zintzilik

Hurrengo jardunaldia hilaren 14an izango dute alebinek Hernanin. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak Eskola Kirolaren inguruan hartu behar duen erabakiaren zain daude kirol taldeak. Eginez gero, igerilariek 400 m. libre eta 100 m. bizkar probak lehiatuko dituzte. Benjaminen Kirol Zehaztasun Ligako jardunaldia ere erabakiaren menpe dago.