Intzako kadeteek garaipena erdietsi zuten Udaberri txapelketako lehen jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 13a, 11:30
Intzako kadete bikotea Gipuzkoako txapelketako partida jokatzen.

Intza Pilota elkarteko Jubenil eta Kadete 2. Mailako bikoteek Udaberri txapelketari aurre egingo diote urtarriletik aurrera. Kadeteek lehen jardunaldia jokatu dute dagoeneko eta garaipena lortu zuten Zumaiaren aurka. Jubenilek hilaren 14an hasiko dute lehia

Zumaian jokatu zuen kadete bikoteak lehen jardunaldia urtarrilaren 8an. Xuban Urdalleta eta Beñat Olazabalek osatzen duen bikoteak ederki eman zion hasiera txapelketari garaipena eskuratuz, 9-22.

Jose Felix Solano prestatzailearen hitzetan, "partida ona jokatu zuten eta nagusi izan ziren".

Hurrengo jardunaldia etxean, Michelingo kirol guneko pilotalekuan jokatuko dute Aloña Mendi 1 taldearen aurka. Lehen jardunaldian Bergararen aurka 5-22 galdu zuen aurkariak. Hitzordua 16:15ean da.

Jubenil Mailako bikoteak, berriz, hilaren 14an jokatuko du txapelketako lehen partida Gazteluperen aurka.