Furundarenak eta Latorrek podiumean hasi dute pista denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 12a, 09:30
Naroa Furundarena, Euskadiko Proba Konbinatuen podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Pista estaliko lehiaketen denboraldia hasi da herriko atletentzat. Urtarrilaren 8an eta 9an, Euskadiko Proba Konbinatuen eta Master Mailako txapelketak lehiatu dira eta Lasarte-Oriak hiru ordezkari izan ditu. Proba konbinatuetan Ostadar Atletismo saileko bi kidek, Naroa Furundarenak eta Aiala Ramosek parte hartu dute; biek pentatloia egin dute. Master mailan, berriz, Atletico Renteria taldeko kide den Jose Ramon Latorre 60 zein 200 metroko lasterketetan izan da lehian. Furundarenak eta Latorrek podiumera igotzea lortu dute lehen txapelketa horretan

Renteria Atletico taldeko kidea gainera bitan igo zen. 200 metroko lasterketako txapeldun izan zen, probako bigarren seriean 24,35 denbora egin ostean eta 60 m.lasterketan Orkatz Beitia (7,20) bakarrik helmugaratu zen bere aurretik. Latorrek 7,51 egin zuen.

Ostadar Atletismoko Furundarena, berriz, bost probatan lehiatu zen eta guztira 2.753 puntu lortu zituen. Puntuazio horri esker, absolutu mailako lehen postua eskuratu arren, Euskadiko txapelketako sailkapen orokorrean zilarrezko domina jantzi zuen; 20 urte azpiko lehiakide Ane Loyo gasteiztarrak eraman zuen txapela 2.896 punturekin. 

Lasarteoriatarrak lehen postua eskuratu zuen 60 metro hesi proban (10,10) eta luzera-jauzian (5,53 m.); altuera proban, 1,36 metroko jauziarekin berdinketa lortu zuen eta 4 kiloko pisu  jaurtiketa (8,95 m.) eta 800 metro(2.45,34) lasterketan bigarren izan zen. 

Oscar Goikoetxea prestatzaileak  azaldu duenez, "ez zuen egunik onena izan hesi lasterketan eta altuera probetan. Hala ere, podiumean izan da berriro ere eta hori poztekoa da".

16 urtez azpiko mailan, berriz, Aiala Ramosek 2.202 puntu egin zituen eta Euskadiko seigarren izan zen.

Talde urdin-beltzeko atleta gazteak 60 metro hesietan 10,76   marka egin zuen; altuera proban, 1,36 metroko langa igaro zuen;  7,72 metrora jaurti zuen 3 kiloko pisua; luzera-jauzian 4,15 metrotara iritsi zen eta 600 metroko lasterketan 2.09,56 marka  egin zuen helmugan.

Proba libreak

Gainerako Ostadar SKTko atletek Gipuzkoako Federazioak antolatutako proba libreetan parte hartu dute abenduko azken asteetan eta urtarrileko lehen asteburuan.

Talde urdin-beltzeko kirolariek lortutako marken artean azpimarratzekoak dira Maider Rekondo disko-jaurtiketa proban lortutako 40,14 metroko marka; Alex Alkainek (7,51) eta Maider Abetek (8,33) 60 metro lasterketan eskuratutako denborak; jauzi hirukoitzean, Oinatz Almagrok egindako 9,96 metroko jauzia eta Nahia Surutusak 3 kiloko pisuarekin egindako 8,53 metroko jaurtiketa.

Urtarrilaren 15ean, herriko atletek aukera berria izango dute euren markak ontzeko. Goiz eta arratsaldez Antonio Elortza belodromoan lehiatuko dira proba libreetako D eta E saioetan.


Muguerza krosa

Pista alde batera utzi eta lokatzetan ere lehiatu dira herritarrak urtarrilaren 9an. Zumeatarra taldeko kide diren  Aimar Sukunza eta Unai G. Somovilla Elgoibarko 78. Juan Muguerza Nazioarteko krosean parte hartu zuten 20 urtez azpiko Mamo Wolde sarian. Sukunza gainera Euskadiko selekzioarekin lehiatu zen.

Proban 6.624 metroko ibilbidea egin behar izan zuten herritarrek. Sukunza izan zen bietan lehena helmuga igarotzen, 24.43; Somovillak, berriz, bi minutu gehiago behar izan zituen ibilbidea amaitzeko (26.55).