Birziklapena sustatu asmo duten totemak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 11a, 19:19

Herritarrak ingurumenaz eta birziklapenaren garrantziaz kontzientziatzeko kanpaina abiatu dute San Marko Mankomunitateak, Ecoembesek eta Ecovridrio. 'Birziklapenaren totemak' izena jarri diote egitasmoari. Mankomunitateko hamar udalerritan jarriko dute ikusgai, eta apirilaren 12ra arte iraungo du

Herritarren arreta erakarri nahi dute eta hori lortze aldera prestatu dute aipatu kanpaina. Ontzien bilketari buruzko informazio grafikoa eskainiko die lasarteoriatarrei: "Koadriptiko bat da, gaikako bilketa-lerro bakoitzean zer utzi behar den adierazten du, eta horietan ohiko errefusa diren zatikiak adierazten ditu". Gaika "gehiago eta hobeto" bildu behar dela azpimarratu dute antolatzaileek: "Plastikozko, metalezko eta brik motako ontziak eta beirazko, paperezko eta kartoizko ontziak behar bezala bereizteko behar den informazioa ematen dute". 

Helburu nagusia, "birziklapen kultura sustatzea"

Hondakinak eta ontziak jendearen artean behar bezala bereiztea sustatu nahi dute ekimenaren arduradunek. Horretarako, formatu berri horrekin (informazio-totemak) herritarrak gaikako bilketei buruz informatu eta sentsibilizatu nahi dituzte, bildutako materialen kantitatea eta kalitatea handitzeko. Ontzien tipologia desberdinen adibideak aurkituko dituzte bisitariek totem bakoitzean. 

Egiturak bikoteka jarri dituzte kalean.  Lasarte-Orian zehazki, gaur (urtarrilak 11) jarri dituzte, eta otsailaren 1era bitarte hori eta berde koloreko bana egongo dira ikusgai, honako lekuetan: Okendo plazan, Kale Nagusia 32an eta Jaizkibel enparantzan. Leku horiek aukeratu dituzte bertan pertsonen joan-etorrian ugariak izaten direlako, horrelako kanpainak eremu horietan tokian tokiko eguneroko jardueran oztoporik eragin gabe egokiro integratzen direlako, kamioiarekin sartu eta karga eta deskargak egiteko irisgarritasun ona dutelako eta espazioen erabilgarritasuna aurreikusi delako.