EH Bilduko zinegotzi kargua utziko du Joxe Pikabea Bereziartuak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 10a, 19:10

Hala iragarri dute EH Bilduko alderdikideek gaur arratsaldean egin duten agerraldian. Datorren osteguneko, hilaren 13, ohiko udalbatzarrean aurkeztuko du dimisioa Pikabeak, eta Sandra Barkaiztegi Navarrok hartuko du haren lekukoa

2019an legegintzaldia hasi zenetik hona, urte eta erdian egindako ibilbidea ekarri dute mahaigainera. Asier Gorostegi Alirik hitz egin du EH Bilduren izenean. Azpimarratu du lan "sakon bezain ikusezina" egin duela taldeak alderdiaren herri mailako antolaketa hobetu, bertan parte hartzeko moduak areagotu eta herriko eragileekin gehiago saretzeko helburuz; udalgintza eta herrigintza, herrigintza eta udalgintza eskutik joan daitezen, udalgintza herrigilearen bidean. Gaineratu du, taldearen baitan, hainbat pertsona "modu iraunkorrean" ari direla lanean, hala nola, udaleko batzorde eta udal-batzarretan parte hartuz, herrigintzan sortzen diren kezka eta beharrak udal dinamikara helarazten, herriko eragileekin harremanak sakontzen, alderdiaren jarduna gizarteari komunikatzen, epe ertain zein luzeko estrategiak garatzen eta abar. 

Legegintzaldi erdia igarota utziko du Joxe Pikabea Bereziartuak zinegotzi kargua, baina "herria egiten" jarraituko duela nabarmendu du Gorostegik, eta aipatu kargua hartuko duen Sandra Barkaiztegik herria udaletik egitearen erronkari helduko diola. Agerraldia amaitu aurretik, esker hitzak zuzendu dizkie Pikabea eta Barkaiztegiri EH Bilduren izenean: "Eskerrak eman nahi dizkiegu biei, lehenago etorri ziren denei bezalaxe, zinegotzi izateko emandako pausuagatik. Ez da erronka makala plaza publikoan politika egiten aritzea". Adierazi du "gogoz" jarraituko dutela lanean legegintzaldiaren bigarren erdian ere: "Badugu iparrorratza, badugu taldea eta badugu lanerako gogoa".

Pikabea eta Barkaiztegiren hitzak

Pikabeak hartu du hitza Gorostegiren atzetik eta eskerrak eman dizkie EH Bildu osatzen duten guztiei; bereziki zinegotziei. Udaletik ez, baina herritik laguntzen jarraitzeko prestutasuna agertu du. Barkaiztegik, ordea, urte eta erdian erakutsi duen eskuzabaltasuna eskertu dio Pikabeari, eta adierazi, erronka berriari "ilusioz eta gogoz" eutsiko diola.