'Emakumeok Mugimenduan' egitasmoa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 10a, 14:39

Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du martxan jarduera eta horren berri eman dute Gipuzkoako hogei herritan 

Emakumea eta kirola programaren baitan diseinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo hori, eta emakumezkoen aktibotasuna bistaratzea eta garatzen laguntzea du helburu. Horrela, Gipuzkoako emakumeen jarduera fisikoa areagotzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte eta horietako bat da Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioa: 40.000 kilometro munduari bira emateko: "Gipuzkoatik hasi, meridianoa zeharkatu eta Gipuzkoara itzuliko gara, mundua hankaz gora jarri eta gure gizartea hausnarketara gonbidatzeko", azaldu dute antolatzaileek. 

Erronkaren bidez lortutako kilometroekin, emakumeen ahalduntzea sustatzen duten hiru erakunde lagunduko direla iragarri dute. Erakunde horiek zeintzuk izango diren,ordea, hil honen erdialdean jakinaraziko dute.

Aipatu ekimenean parte hartu nahi dutenek badute horretarako aukera, izen-ematea zabalik baitago. Horretarako, Kinendu aplikazioa deskargatu eta erronkan izena eman behar da. Momentu horretatik aurrera, norberak bere mugimendua erregistratu ahal izango du. Urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra batuko dira kilometroak: "Kilometroak batzeko modu asko daude: oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, bakarka edo taldean, kiroldegietan, kalean ala naturan, mugimendu orok batzen du", gehitu dute sustatzaileek. 

Hainbat datu ere ezagutarazi dituzte. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gomendagarria da astean, gutxienez, jarduera fisikoa 150-300 minutuz egitea. EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaileek Gipuzkoako 18-64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak aztertzeko ikerketa egin dute. Azterketa hori garatu ahal izateko, Gipuzkoako ia 4.000 emakumeren erantzunak hartu dituzte kontuan. Datu horien arabera, Gipuzkoako emakumeen 3tik 1 ez dira aktiboak; astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten dute kirola: "Inaktibotzat hartzen dute euren burua eta hori sinesten dute. Gehiengoa herri txikietan bizi da eta 30 eta 49 urte artean ditu. Asko ama dira". 

Ez-aktibo izatearen atzean egon daitezkeen "oztopo eta mugak" komunak direla ikusi dute. Horien artean aipatu dituzte honakoak: estereotipoak, fisiko zein estetikoak, beldurrak, kirol gaitasun eta intentsitateari lotutako sinesmenak, denbora, interes, ezagutza eta bidelagun falta. Horren aurrean, emakume orok mugimenduarekin bat egitera bultzatu nahi dituzte.